Ostiral Mehea 25

Gero eta ozenago

Ataria 2025eko otsailaren 28a

Handitzen doa Ozenki Txistulari Taldea, eta aurtengoan 80 musikari inguru elkartu dira Tolosako kaleetan zehar egiten duten kalejiran, orain arteko gehiena.

Tolosako Musika Eskolatik abiatu da segizioa eta kalez kale ibili da, tarteka geldialdiak egiteko. Aurtengoan, berritasun modura, txilabaz jantzi dira musikariak, azken urteotako blusa beltza ordezkatuz. Ion Garmendia zuzendariak azaldu duenez, «oso koloretsu geratzen da, eta aurrera begira horrela jantziko gara. Gainera, kanpotik etorri direnak txilaba erosi dute gaur hona etortzeko, eta egindako gastu hori behintzat amortizatu beharko dute».

Adin guztietakoak batu dira Ozenki Txistulari Taldean. «Tolosako Musika Eskolako ikasleak eta ikasle ohiak, bestela ere Tolosan txistua jo dutenak, Udaberrin eta Lizardin, eta Tolosatik kanpo Loatzo Musika Eskolakoak, eta Beasaindik, Errenteriatik, Donostiatik, Pasaiatik, Hernanitik, Getariatik eta Iruñetik ere etorri dira», zehaztu du Garmendiak. «Etortzen den jendeak normalean errepikatu egiten du. Beraientzat egun polita da, eta Tolosako inauteriak barrutik bizitzeko aitzakia».

Jende ugari ere izan du taldeak atzetik, beraien jarduna ikusi eta entzuten. «Ikusten da bere lekua hartzen doala», azaldu du Garmendiak. Kalejira amaitu ondoren, Lizardi elkartean bazkaltzekoak ziren 30 lagun inguru. Bazkalostean izango da ere musika jo eta entzuteko aukera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!