Ostiral Mehea 25

«Beste mundu batean sartzen zara inauterietan»

Imanol Garcia Landa 2025ko ots. 28a, 07:59

Maite Zabala Beisti, iaz, 'Nancy' bezala jantzita.

Inauteriak asko bizi ditu Maite Zabala Beistik (Tolosa, 1966). Zaldunitan eta Asteartitan lagunekin mozorrotzen da, eta Astelenitan Amarozko karrozarekin ateratzen da.

Zer dira zuretzat inauteriak?

Batez ere bizitzan parentesi bat egiteko egunak. Ahaztu egiten dituzu arazoak, munduan dauden krisialdiak, gerrak... eta mundu sinboliko batean sartzen zara. Nik haur hezkuntzan lan egiten dut eta konparatzen dut umeek egiten duten jolas sinbolikoarekin. Helduok hori egiten dugu inauterietan: pertsonaia baten barruan sartzen gara eta horren inguruko parodiak edo antzerkiak egiten ditugu. Beste mundu batean sartzen zara eta horrek irauten du inauteriek irauten duten bitartean. Inoiz egiten ez dituzun gauzak egiten dituzu kalean: dantza egin, saltoka ibili, ezagutzen ez duzun norbaiti heldu eta txaranga baten atzetik ibili... Arnasgune bat ere iruditzen zait.

Nola antolatzen dituzu inauteriak?

Lagun batzuekin ateratzen naiz mozorrotuta igandean eta asteartean, normalean mozorro berarekin, eta gero Amarozko karrozan ateratzen naiz astelehenean, 2016tik, eta horrek ilusio handia sortzen dit. Normalean ideiarekin Eguberriak baino lehen hasten gara eta oporrak pasa ondoren prestaketekin: dantzak, karroza bera prestatzea... Ia 30 pertsona elkartzen gara, eta egun guztian zehar egoten gara.

Noiz sortu zen Amarozko karroza?

Duela 40 urte inguru edo, esan didatenez. Auzoko kuadrilla bat omen zen, poteatzen ibiltzen zena, eta elkarrekin ateratzea pentsatu zuten. Gerora karroza egin zuten, eta urtetan gizonezkoak izan ziren. 2015ean atera ziren bi neska, baten alaba eta haren laguna, eta 2016an atera ginen lehenengo bi emakumeak, lagun bat eta ni. Taldean sartu ginen gure lankide bat hor zebilelako. Gero emakume gehiago sartzen joan dira. Karrozako gehienak Amarozkoak dira, eta beste batzuk kanpokoak gara.

Igandean eta asteartean lagun batzuekin ateratzen zara.

Bai. Badut lagun bat valentziarra dena; hemen autobia egin zenean bere aita bertan lanean aritu zen. Hiru urtez egon zen lagun hori hemen, eta garai hartan ez zioten uzten ateratzen inauterietan. Orduan gu umeak ginen, eta gerora harremana galdu egin genuen. Orain hamar bat urte Facebook-en bidez aurkitu nuen. Harremanetan jarri ginen, eta behin etorri ziren laguna eta bere senarra irail edo urri aldera. Komentatu genuen inauterietan etorri behar zutela. Ez ziren berez mozorrotzekoak-eta, baina etorri eta asko gustatu zitzaien, eta ia urtero saiatzen dira etortzen. Senarrari asko gustatzen zaio, eta jai hartzen du hona etortzeko.

Asko aldatu dira inauteriak?

Ba, adibidez, txupinazoa ez dakit noiztik egiten den. Eta garai batean Ostegun Gizena egun normala zen; beti ezagutu dut txistorra jatearen kontu hori, baina gaur egun daukan berezitasun hori ez zuen garai batean. Lagun artean Ostegun Gizena konparatu izan dugu Gabon Gauarekin: ikusten duzu agian urte guztian ikusi ez duzun jendea Ostegun Gizen arratsaldean txarangetan. Kuadrilla asko ikusten dituzu, eta lankideen artean ere asko elkartzen dira. Afari asko egiten dira, eta parranda ere bai.

Bestalde, igande eta astearte goizeko giroa, karrozena-eta, asko aldatu da eta ez nuke esango onerako: masifikatu egin da, zarata asko dago... Gazteen plataformak ugaritu ziren izugarri eta ezin zen ibili, ezin zen ezer entzun... Azken urteotan zerbait aldatu da, hori landu egin delako karrozetako taldekoekin eta udalarekin. Horrez gain, Tolosako inauterien xarma edo berezitasuna pixka bat galtzen ari da: edozein momentuko parodiak, izkina batean jartzen direnak muntaia bat eginez, urtean zehar gertatu den zerbaiten kritika egitea... Ez dakit zehazki galtzen ari den, edo hainbesteko masifikazioarekin ez direla nabarmentzen.


MOTZEAN

Egun bat? Astelenita, karrozarekin ateratzen naiz eta.

Une bat? Oso une polita izaten da txarangen jaitsiera, baina barruko zurrunbiloa mugitzen didan lehenengoa Diana-ren lehen notak eta jendearen oihuak entzutea da.

Txaranga doinu bat? Diana etorri zait burura. Galtzaundi eta Baila negra ere asko gustatzen zaizkit.

Mozorro bat? Tunoz jantzita oso ondo pasa genuen. Pandereta hotzen ibili ginen. Iaz, mundu guztia zegoen Barbie-z jantzita eta gu Nancy bezala atera ginen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!