30 urtetik gorako tradizioa du Ozenki txistulari taldeak Ostiral Mehean antolatzen duen kalejirak eta duela 15 urtetik hona segizioaren buruan txistu erraldoi bat eramaten dute. Zarauztik ekarri zuten, garai hartako txistu irakasle Iñaki Letamendia Loinazen anaiak, Anderrek, harremana zuelako egilearekin, Jose Luis Lasa eskulturagilearekin. Iaztik, gainera, Juanjo Olano taldekideak egindako danbolinak laguntzen dio txistuari kalejiran.
Hain zuzen, danbolin erraldoi baten irudia ikusita etorri zitzaion tamaina handiko instrumentuak egiteko ideia Lasari. 1954ko liburu batean argitaratutako argazkian bi mutiko ageri dira dantzan, hiru bat metroko danbolin erraldoiaren gainean. Zarauzko eskulturagileak ez daki zehatz non ateratako argazkia den, baina susmoa du ez ote den Tolosako erretratu bat izango, garai hartan, inauterietan muntai handiak Tolosan eta Zarautzen baino ez zirelako egiten.
Argazkian inspiratuta duela urte batzuk Zarauzko Euskal Festetarako tamaina handiko instrumentuak egin zituen Lasak eta, behin erabilita, biltokian gordeta zeuzkan, harik eta Ander Letamendiak ikusi eta Ostiral Meheko kalejirarako aproposa izan zitekeela pentsatuta, eskulturagileari txistua erabiltzeko baimena eskatu zion arte. Gustu handiz laga zuen txistua Lasak eta ordutik kalez kale ateratzen dute gaurko egunez.
Egurrez egindakoa da, hiru metro eta 70 zentimetrokoa eta, Jexux Mari Altunak eta beste hainbat kidek eramaten dute espresuki egindako egituran —orain, danbolina eta guzti —. Urteotan mantenu lan handirik ez diote egin eta, urtean zehar, musika eskolako txistu ikasgelan edukitzen dute. Instrumentu honekin batera, Zarauztik, oparitan, dultzaina bat eta alboka bat ekarri zituzten duela 15 urte, biak ere tamaina handikoak; dultzaina Joxe Manuel Agirrek dauka etxean eta alboka, berriz, Ion Garmendiak.
KALEJIRA JENDETSUA
Hitzordu garrantzitsua da gaurkoa txistularientzat eta Ozenki taldekoek kalkulatzen dutenez 80 inguru bilduko dira. Tolosako musika eskolako txistu ikasleekin batera, Loatzokoek, Beasaingo musika eskolakoek eta, besteak beste, Asteasu, Donostia, Hernani, Zarautz, Getaria, Pasaia eta Iruñetik etorritako txistulariek parte hartuko dute.
11:30ean abiatuko dute kalejira eta Alde Zaharrean eta San Frantzisko ibiltokian zehar ibiliko dira. Bizpahiru geldialdi egingo dituzte eta inauterietako errepertorioarekin osatuko dute saioa.
Orain arte, blusa beltzarekin, eta txapeletik zintzilika eramandako koloretako zintekin joan izan dira txistulariak. Aurten, aldaketa iragarri dute Ozenkikoek eta txilabarekin azaltzeko gonbita egin diete parte hartzaileei; txilabarekin eta buruan txapel, ileorde eta apaingarriekin, ez baitute ahazten inauterien barruko ekitaldia dela gaurkoa. Festarako bidea txistu eta danbolin erraldoiak erakutsiko die.