Ostegun Gizen 25

Artxiboko kuttunak

Ataria 2025eko otsailaren 27a

Kabi Alai Kuttun izendapena jaso du aurten Artxiboko neskak konpartsak eta bertako kideek izan dute txupinazoa botatzeko ohorea. Eskertuta eta hunkituta jaso dute aitortza.

Abiatu dira Tolosako Inauteriak. Artxiboko neskak konpartsak bota du aurtengo suziria, Kabi Alai elkartearen ‘Kuttun’ izendapena jaso baitu. «Eskertuta, eta aldi berean hunkituta, pozik eta urduri» jaso dute aitortza, txupinazoa baino ordu laurden bat lehenago, udaletxeko pleno aretoan. 

Andu Martinez de Rituerto alkateak aurtengo kuttunen inauteri eredua txalotu du ekitaldian: «Lana, sinpletasuna, sormena, umorea… gauza asko konbinatu dituzue. Gaur egun gehiago kostatzen da halakoak ikustea, eta zuena bada hurrengo belaunaldiei erakutsi beharreko adibideetako bat». Horrekin batera, jaiak ondo gozatzeko eta arduraz bizitzeko dei egin du.

Kabi Alai elkartearen udalbatzaren konpartsak ere utzi du eguneko beste nobedadeetako bat: aurten, lehenengoz, emakume batek hartu du alkatearen aginte makila. Urte luzez Patxi Amiano izan da paper hori egin duena eta pregoilari lanak egin dituena. Bada, aurten, Itsaso Urdapilleta izan da alkate. 

Balkoi lehiaketako garaile

Tolosa Turismoak eta Tolosa&Co merkatarien elkarteak antolatutako balkoi lehiaketak ere badu garailea. Aurten aurrez izena emateko aukera izan da, eta 76 balkoik eman dute izena lehiaketan. Horiek guztiak ez ezik, herri osoan zehar ibilaldia egiterako garaian ikusitakoak baloratu ditu epaimahaiak. Izaskun auzoko Andre Mariaren plazan bizi den Leire Aguirrezabala Ayerzari eman diote saria, eta herriko komertzio txikian erabiltzeko 300 euroko saria izango du.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!