Tolosako hiltegiko langileek greba mugagabearekin jarraituko dute

Ataria 2025eko otsailaren 27a

Iturria: ELA sindikatua

ELA sindikatuak adierazi du mankomunitateak kudeaketa bere gain hartzea positiboa bada ere, ez dutela berme nahikorik ikusten zor diren nominak ordaintzeko.

Tolosako hiltegia kudeatzen duen Industrias Cárnicas del Oria enpresako langileek greba mugagabearekin aurrera jarraitzea erabaki dutela azaldu du ELA sindikatuak. Tolosako Hiltegi Mankomunitateak hiltegiaren kudeaketa bere gain hartu izana positibotzat jo du sindikatuak, baina ez du berme nahikorik ikusten zor diren nominak ordaintzeko. Gauzak horrela, greba mugagabeak eta mobilizazioek jarraituko dutela ohartarazi dute.
 
Hiru eguneko grebaren ondoren, Tolosako Hiltegi Mankomunitateak gatazkan esku hartu du, behin-behineko kontu-hartzaile bat izendatuz. «Esku-hartzeak bere lege prozedura» duela, adierazi du mankomunitateak, eta gaur gaurkoz, ezin duela zehaztu soldatak noiz ordainduko diren. Nolanahi ere, «konpromiso osoa» berretsi du horretarako eta horrela jakinarazi die langileei atzo egin zuten batzarrean. Hiltegiak lansariak ordaintzeko likidezia ez badu, udalek jarriko dute dirua.
 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!