Imanol Rojo tolosarra Trondheim herrian (Norvegia) dago, bertan egingo baita aurten iraupen eskiko Munduko Txapelketa. Gaur hasiko dira lasterketak, baina Rojoren lehen proba martxoaren 1ean, larunbatean, izango da. Guztira hiru probatan parte hartuko du tolosarrak.
Ez da denboraldi erraza izan Rojorentzat, ahul sentitzen hasi baitzen. «Denboraldia hasi nuen eta uste nuen ni nintzela, ez nengoela sasoian, baina analisiak egin zizkidaten eta mononukleosi bat izan nuela atera zen. Giharren aldetik oso ahul utzi ninduen», esan du tolosarrak. Horren eraginez bere helburuetako bat, Tour de Ski proba, alde batera utzi behar izan zuen, atseden hartu eta ondoren entrenatzen hasi Munduko Txapelketari begira. «Ez da erraza izan berriro lehiatzera itzultzea, baina geroz eta hobeto sentitzen ari naiz eta ea Munduko Txapelketan nire onena emateko gai naizen».
Azken asteetan ondo entrenatu dela azaldu du, eta Falunen (Suedia) egindako Munduko Kopan parte hartu zuen. «Gorputzaldi nahiko ona izan nuen, eta orain espero dut Munduko Txapelketan sasoian egon eta lasterketa onak egitea», azaldu du tolosarrak.
Munduko Txapelketako lehenengo proba larunbatean izango du, 20 kilometrotako eskiatloia, hau da, 10 kilometro estilo klasikoan eta segidan beste hamar kilometro estilo librean. Martxoaren 4an izango du bigarrengo proba: erlojuaren kontrako 10 kilometroko proba, estilo klasikoan. Bere parte hartzea martxoaren 8an amaituko du, estilo librean izango den 50 kilometroko probarekin. «Niri gehien gustatzen zaidana eta nire helburu nagusia 50 kilometroko proba izango da», zehaztu du Rojok. «Urte zaila izan da, eta helburu batzuk banituen denboraldiaren hasieran, baina orain pixka bat aldatu egin dira. Baina konfiantza dut, zirkuitu hau nire ezaugarrietara nahiko ondo moldatzen da, eta baldintzak ere egokiak dira niretzako. Lehen 30 postuetan sartzen banaiz, pozik egongo nintzateke, denboraldia nolakoa izan den kontuan hartuta».
GERTUTIK BABESA
Imanol Rojoren babesleetako bat Lemu Group enpresa da, Tolosan sortutakoa eta egun Apattaerrekan dagoena. Bertako ordezkaria den Iñaki Larreak azaldu duenez, «Tolosan iraupen eskiaren inguruko historia asko dago eta familia asko daude hor sartuta, eta Lemu Groupen barruan ere badago jende asko denbora pasa duguna iraupen eskian». Rojorekin kontaktua «ezagunen ezagunen bitartez izan zen. Hortaz hitz egiten hasi ginen, eta guk beti pentsatu izan dugu gure gizarteratzean enpresak zertan lagundu dezakeen Tolosan, eta zer hobe iraupen eskia baino, eta Imanol Rojori laguntzea, bera bakarrik munduaren kontra egiten ari den borroka handi horretan baino. Pentsatzen hasi ginen Lemu Group bezala Tolosako zer balore transmititu nahi genituen, eta zer hobe pertsona langilea, apala, umila, sakrifizio handikoa, eta Imanolek balore horiek guztiak elkartzen ditu eta Tolosa harro egoteko moduko pertsona bat dela uste dugu».
Bere aldetik, enpresako beste ordezkari batek, Asun Larreak, azaldu du Rojo bere proiektua aurkeztera joan zela. «Hasieratik argi genuen eta aurrera joan da dena». Biek lotura dute iraupen eskiarekin. «Ahal dugun heinean egiten dugu», esan du Iñaki Larreak, «baina Imanolek egiten duena beste kirol bat da, guk egiten dugunarekin alderatuta. Asko gustatzen zaigu, egia esan». Asun Larreak gaineratu duenez, «Iñaki lehiatzen aritu da, eta nire alabak ere badabiltza mundu horretan, beraz, nahiko sartuta gaude iraupen eskian».
Aurreko denboraldia eta oraingoa Espainiako Selekziotik kanpo utzi dute Rojo, eta baita hortik jasotzen zuen laguntzarik gabe ere. «Pentsatu nuen nire proiektua aurkeztea enpresetara, eta Alpino Uzturretik komentatu zidaten Lemu Groupera joateko galdetzera. Nik Iñaki ezagutzen nuen iraupen eskia egiten zuelako nire anaiarekin, eta bat egin genuen askotan Alpino Uzturren eta eskiatzen, eta baita Asunekin ere», esan du Rojok. «Harrituta geratu nintzen, hasieratik esan zutelako lagundu nahi nindutela. Oso garrantzitsua izaten ari da euren laguntza, bestela ezin izango nuen hemen Munduko Txapelketan egon».