Zaldunita bezpera 25

Inauterietako larunbatean, txikienak protagonista

Ataria 2025eko martxoaren 1a

Udaberri dantza taldeko Dantzari Txikiko kideak, Plaza Zaharrean, 2023an. NAIARA ROLDAN DE ARANGUIZ

Hainbat jarduera izango dira gaur ere, horien artean, erraldoiak eta buruhandiak, Dantzari Txiki ekimena eta haurren zein helduen danborradak.

Ez dute atsedenerako tarterik uzten inauteriek, ezta festaren hirugarren egunean ere. Hainbatek atsedenerako eguntzat duen arren, jardueraz beteta izaten da Zaldunita bezpera ere eta aurtengoa ez da salbuespena izango.

Urteroko hitzorduek ez dute hutsik egingo, eta hari horri tiraka aterako dira kalera erraldoiak eta buruhandiak, Tolosako eta inguruko herrietako dantzari txikiak eta haur zein heldu danbor jotzaileak. «Larunbata haurren eguna da», iritzi bera dute Maider Iglesias erraldoien eta buruhandien konpartsako kideak, Iker Galartza Aiz Orratz elkarteko kide eta danborradako antolatzaileak eta Irene Plazaola Udaberri dantza taldeko kide eta Dantzari Txiki ekimeneko antolatzaileak.

Handi eta txiki, parez pare
Buruhandiak eta erraldoiak 11:00etan ateratzen dira Gernikako Arbola plazatik, eta urtez urte harrera «gero eta hobea» delakoan dago Iglesias: «Sekulakoa da, haurrek izenez deitzen diete gure pertsonaiei. Laguntzat dituzte». Tolosako Alde Zaharrean kalejira egin ondoren erretiratzen dira, baina Piñata Igandean ere antolatzen dute hitzordu bat: «Karaoke moduko bat antolatzen dugu, haurrek ere inauterietako abestian hitzak ikas ditzaten. Oso giro polita sortzen da».

Danbor eta dantza
Dantzari Txikia izaten da urteroko beste hitzordu bat, eta Plazaolak nabarmendu du «arrakasta handia» duela: «Inguruko herrietako dantza taldeak ere gonbidatzen ditugu, eta aukera ematen du harremanak sortzeko zein beste lekuetako inauteriak lantzeko». Aurten, guztira, 280 dantzari inguru izango direla aurreratu du.

Eta ezin hutsik egin haurren eta helduen danborradak ere. Aiz Orratz elkarteak antolatzen du eta urtero 600 haur inguruk hartzen dute parte. Arratsaldeko bostetan abiatzen dira, eta bina konpainia eramaten ditu herriko ikastetxe bakoitzak. Horrez gain, helduek ere egiten dute danborrada iluntzean, eta 19:00etan abiatzen dira Plaza Zaharretik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!