Ostegunean afaldu ostean Lasko txarangarekin atera zen kalez kale; Atzo Udaberrirekin dantzari txikien kalejiran ibili zen antolatzaile; Gaur Iurre txarangarekin kalez kale jardungo du; Bihar, Udaberriko lagunekin mozorrotuko da; eta etzi San Esteban txarangarekin ibilbide ofiziala egingo du. Asteartita gauerako indarra geratuko zaiola dio, zernahi gerta ere.
Inauteriak noiz iritsiko zain egoten zaren horietakoa zara?
Bai. Nola inauteriak iritsi arte zain egotea kosta egiten zaigun kaldereroetan hasten ditugu festak. Prestaketa lanetarako hartzen ditugun egunak gehituta, esan liteke aspalditik gabiltzala inauteri giroan.
0tik 10era neurtu beharko bazenu, zenbateraino zara inauterizale?
Badira inauteriekin erabat gaixo daudenak, bada ni horietako bat naiz. Bederatzi esango nizuke.
Inauteriak edo sanjoanak. Zer nahiago?
Zaila egiten zait aukeratzea. Egia da, San Joan eguna oso egun berezia eta dotorea dela, niretzat sentimendu askokoa, baina, osotasunean, inauteriak aukeratuko nituzke.
Nondik datorkizu inauteriekiko zaletasuna?
Familiatik neurri batean. Kontziente naizenetik etxekoak beti joan izan gara Dianara. Txarangatan ere oso-oso goiz hasi ginen. Txikitatik datorkit zaletasuna eta, urteak pasa ahala, geroz eta inauterizaleagoa naizela esango nuke.
Inoiz huts egin duzu inauteritan?
Ez. Beti izan naiz Tolosan. Unibertsitatean hasi arte, inauterietako egun horietan jai izaten genuen. Iaz hasi nintzen unibertsitatean eta nire kezka zen ea egun horiek libre izango ote nituen. Aurreko urtean jai egiteko aukera izan nuen eta aurten ere berdintsu. Pozik nago.
Aisialdi talderen batean ibilitakoa zara?
Bai, Kazkabarran atera izan naiz. Bereziak izaten ziren ateratzen genituen mozorroen gaiak, originaltasun handikoak. Aurreko asteetan dantzak prestatu eta egun horretan jendaurrean erakusteko irrikaz egoten ginen; gaztetxoentzat sekulako aukera da Astelenitan aisialdi taldeekin ateratzearena.
Inoiz izan zara begirale?
Ez. Begirale titulua atera nuen baina ez nintzen Kazkabarran apuntatu. Ez dut baztertzen, hala ere.
Udaberri dantza taldeko kide ere bazara. Badituzue zuen egitekoak inauteritan.
Bai. Zaldunita bezperan kalejira egiten dugu. Askori oharkabean pasatzen zaien hitzordu bat da, baina polita iruditzen zait Euskal Herriko inauteri ezberdinetako jantziak eta dantzak erakustea. Giro berezia sortzen da. Ume ginela, goizean kalejira horretan atera eta arratsaldean haur danborradara joaten ginen, egun betea izaten zen guretzat. Orain, dantza taldeko kide bezala, batzuetan kamerari bezala egotea egokitzen zait, beste batzuetan musikari bezala fanfarrean, eta bestela laguntzaile bezala ibiltzen naiz.
Nola prestatzen dituzu mozorroak?
Umetan aitaren kuadrillakoekin ateratzen ginen; gogoan dauzkat Asterix eta Obelixetaz atera ginenekoa adibidez. Gaur egun, Udaberri dantza taldeko lagun batzuk elkartzen gara mozorrotzeko eta taldean erabakitzen dugu zertaz atera. Irudimen handiko mozorroak atera izan ditugu: iaz uso ehiztari parodia moduko bat egin genuen eta ATARIAko saria irabazi genuen; beste batean herri kirolez atera ginen eta show moduko bat prestatu genuen...
Aurten zertaz zoazte?
Ez dizut esango. Aurreratuko dizut benetan berezia dela mozorroa. Atera bihar kalera eta ikusiko.
Inoiz atera zara karrozaren batean?
Ez. Gure adinean ohikoa izaten da horrelakoetan ateratzea, ze ia ikasturte bakoitzak izaten du berea. Zaldunitan eta Asteartitan txarangan ateratzen garenez eta karrozentzat bi egun nagusiak horiek direnez, bada ez zait inoiz tokatu. Txarangetan ibiliko ez banintz seguru horietako batean aterako nintzatekeela.
Mozorro asko dauzkazu etxean?
Garajean kaxatan gordeta dauzkagu mozorroak, ileordeak, osagarriak, txilabak...
Ikusteko zein mozorro klase gustatzen zaizu zuri?
Urte horretan gertatutakoan oinarritutako mozorroak gustatzen zaizkit gehien. Sekula zerorri okurrituko ez litzaizukeen zerbait ikusten duzunean, seko txundituta geratzen zara... Horrelakoak Tolosan bakarrik gertatzen direla sentitzen dut.
Dianara pijama jantzita?
Garai batean bai, orain dagoeneko txarangako galtza zuriekin eta instrumentua hartuta joaten naiz.
Egun bat aukeratu beharko bazenu?
Lan zaila jarri didazu. Nire hiru egun gogokoenak Kaldereroak, Ostegun Gizena eta Asteartita dira. Herrikoienak direla iruditzen zait eta tolosarrak izaten gara egun horietan nagusi.
Alboradara gaupasaz?
2022an deskubritu nuen eta beti joan naiz lo eginda, nahiz eta ordu pare bateko lo arina izan; egun guztian iraun ahal izateko atseden pixka bat hartu beharra dago. Tokatu izan zait azkeneko tragoa lagunekin hartu eta gero haiekin kointziditzea Alboradan. Erreleboa hartzen diet: haiek lotara joaten dira eta nik parrandan jarraitzen dut.
Txosnak, txarangen atzetik, tabernetan, karrozetan... Non egoten zara gustuen?
Txaranga jotzaileak gara, baina txarangazaleak ere bai. Haien atzetik maiz ibiltzen gara. Txosnetan kontzertuetara joaten gara eta tokatzen den tokian saiatzen gara ondo pasatzen. Zezen plazara, berriz, txarangekin joatea tokatzen zaidanean baino ez naiz gerturatzen, ez naiz-eta zezenzalea.
Momentu bereziren bat azpimarratu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke?
Asko daude. Paquito chocolatero-rena, adibidez. Edo iaz Raku parean eskaini zuten kontzertua. Sanferminetako momentikoak bezala guk ere baditugu geureak. Berezi egiten dute inauteria eta ofizialak izan gabe, ofiziosoak dira.
Iaz Galtzaundiren entierrua antolatu zuten zenbait herritarrek. Zu zeu ere tartean zinen.
Benetan berezia izan zen. Lagun talde bat elkartu eta hilabete batzuk lehenago hasi ginen dena prestatzen. Inauteriei amaiera polita eman eta pastelari ginga jartzeko modu bat izan zen.
Eta aurten?
Bada ikusteko dago. Aurten ere Galtzaundi hilko balitz adi egotea komeni. Paretei begira egon beharko dugu, ea abisua ematen duten eskelaren batean edo.
Iazko Galtzaundiren entierruan. JUANAN DORRONSORO
Zer moduzkoa da txaranga batean musiko bezala ateratzea?
Oso gaztetxo hasi ginen gu Iurre txarangan, bederatzi-hamar urterekin. Lagun bat Iurre bertakoa da eta zuzendariari baimena eskatuta atera ginen lehenengo aldiz, bonbardinoarekin. Instrumentua ia gu baino handiagoa zen garai hartan. Sei partitura baino ez genekizkien eta gainerakoetan ahal genuena egiten genuen.
Jarraitu duzu, hala ere.
Gaur egun Iurrekoan eta San Estebangoan ateratzen naiz. Ezberdina da txaranga ofiziala izan edo ez. Ofiziala izanez gero, ibilbide eta ordutegi bat jarraitu beharra dago: txarangen bilkurara joan, zezen plazara igo, hango saioa egin, gero dantzaldia... Ofiziala ez izateak askatasuna ematen dizu non jo eta nondik ibili erabakitzeko. Niretzako bi moduak bizitzea aberasgarria da. Zaldunitan lasaiago ibiltzen naiz eta Asteartitan goizean goizetik nire egitekoak dauzkat txarangarekin.
Zer moduzkoa da lanean aritzea besteak parrandan dabiltzan bitartean?
Gustura egiten dugun zerbait da. Txarangan ondo pasatzen dugu, bai jotzen, baita atzetik saltoka. Uste dut horrekin betetzen dudala txarangen kupoa. Orain Astelenitan ez naiz txarangarekin ateratzen eta hori ere gustuko dut, inauteriak beste era batean bizitzeko aukera ematen didalako.
Ikastolako txarangan ere bazabiltza.
Bai. Lasko txarangako kide naiz. Pandemiaren ondoren 2022ko inauteriak egitea azken orduan erabaki zuten. Ostegun Gizen horretan, justu Ukrainiako inbasioa hasi zen egunean, atera ginen lehen aldiz. Hala moduzko maila geneukan, baina hala ere, Asteartita hartan errepikatu genuen, jendea gogoz zegoelako. 16 urte nituen nik. Azken bi urteotan Ostegun Gizenean atera izan gara, elkarrekin afaldu eta gero pare bat ordutxo egiten ditugu.
Piezaren bat bereziki gustuko duzu?
Momentuaren arabera bat edo beste aukeratuko nuke. Adibidez, Pattar zezenean entzuten den Idiyarena berezia egiten zait. Abesti batzuk momentu jakinekin identifikatuta dauzkat. Eta, dena esaten hasita, Baila negra-ri, esate baterako, ez diot estimu handirik.
Tolosatik kanpoko inauteririk ezagutzen al duzu?
Urtarrilean izaten dira Leitzakoak. Amatxiren ahizpa han bizi da eta beti joan izan gara hara. Txikitan arraroa egiten zitzaigun urtarrilerako mozorrotuta ibiltzea, baina ohitu gara. Incansables txaranga ere han izaten da eta oso festa polita izaten da guretzat.
Nola azaltzen diezu hemengoak ez direnei zer diren Tolosako inauteriak?
Lagunei esplikatzen hasten natzaienean astuna naizela esaten didate segituan. Tolosa eta inauteriak askotan agertzen dira nire hizketalditan, baina nik ez dut etsitzen; haiek ez dute onartzen zeinen festa onak diren [barrez]. Askotan pentsatzen dut hemengook baino ez ditugula ulertzen festaren inguruan sortzen diren emozioak. Hitz gutxitan esateko, txupinazoaren aurretik, Ostegun Gizen goizean lehenengo txaranga doinuak entzutean ateratzen zaizun irribarretxo hori, hori da inauteria.