Astelenita 25

«Umetatik jasotzen dugun zerbait berezia da»

Aitor Arroyo Askarai 2025ko mar. 3a, 07:59

Maddi Pagola, eskuinetik hasita bigarrena, lagunekin mozorrotuta. ATARIA

Inauteriak gurasoekin eta lagunekin ospatzen ditu Maddi Pagolak, eta bilatzen du tarterik Astelenitan Kazkabarra aisialdi taldean begirale aritzeko ere.

Amonarengandik omen datorkio inauterietarako zaletasuna Maddi Pagolari (Tolosa, 2000). Garai batean gurasoekin, izeba-osabekin eta lehengusuekin ospatzen bazituen ere, gaur egun, lagunekin igarotzen du festaren zatirik handiena. Izaten du, ordea, bestelako planik ere: Astelehenitan Kazkabarra aisialdi taldearekin aritzen da begirale. Lehen oroitzapenak gurasoek egiten zuten karrozarekin ditu lotuta, eta Tolosako inauterien ezaugarri bereizgarria galdetuta, ez du zalantzarako tarterik utzi: txarangak. 

Zer dira zuretzat inauteriak?
Sekulako festa giroa sortzen den ospakizun oso berezi bat. Urtean behin izaten dena eta txiki-txikitatik, ikastetxeetan hasita ere barneratzen duguna. Egun koloretsu batzuetan murgiltzen gara, eta benetan umetatik jasotzen dugun zerbait berezia da. 

Zein da inauterietako zure lehen oroitzapena?
Lehenengoetarikoa, esango nuke gurasoekin, izeba-osabekin eta lehengusuekin izan zela, karrozan ateratzen ginenean. Gurasoek karroza osatzen zu-ten, eta bospasei urte nituela denok batera karrozan ateratzen ginen mozorrotuta. Hori dut gogoan. 

Norekin ospatzen dituzu inauteriak?
Lehen familiarekin ospatzen nituen, gurasoekin eta izeba-osabekin; eta baita gurasoen hainbat lagunekin ere. Eta, gaur egun, lagunekin eta Astelehenitan, aisialdi taldearekin. 

Zerk egiten ditu berezi Tolosako inauteriak?
Inolako zalantzarik gabe, txarangek.

Noizbait egin al duzu huts?
Inauterietan osorik huts egin, egun bakar bat ere pasa gabe, ez. Baina joan den urtean igandean eta astelehen goizean bakarrik izan nuen aukera, lanagatik. 

Nondik datorkizu zaletasuna?
Nire amonarengandik datorkidala esango nuke. Amonak 70 urte inguru zituenean, oraindik, gurekin batera ateratzen zen karrozan. Beraz, zaletasuna berarengandik datorkidala esango nuke, oso-oso zalea zelako.

Nola deskribatuko zenioke inauteria Tolosakoa ez den pertsona bati?
Tolosako erdigunea karrozaz betetzen dela esango nioke. Jende guztia mozorrotzen dela eta kalera ateratzen direla haurrak, gazteak eta helduak. Denetariko ikuskizunak prestatzen dituztela karrozek, eta txarangak ere ibiltzen direla kalez kale giroa alaitzen.

Astelehenita ere egun berezia izaten da zuentzat, ezta?
Bai! Egun horretan aisialdi taldeak ateratzen gara. Ni, adibidez, Kazkabarra taldearekin aritzen naiz. Goizean goiz haurrak biltzen ditugu eta egunean zehar dantza hainbat aldiz egiten dugu kaleetan. Dantza hori aurretik prestatzen dugu haurrekin; urtarrilean edo hasten ditugu entseguak eta zatiz zati lantzen dugu. Haur dezente izaten dira, baina moldatzen gara guztiek ikas dezaten.

Arratsaldean zezenetara joaten gara eta hor bukatutakoan, beste dantza pare bat egin eta zazpiak aldera bukatzen dugu. Hori guztia bukatu ondoren, begirale guztiok batera afaria ere izaten dugu. Aukera polita izaten da gure artean harremantzeko eta festa luzatzeko. Oso egun berezia izaten da.

MOTZEAN


Egun bat?

Ez da erraza bat aukeratzea, baina bakarra aipatu behar izatekotan Zaldunita.

Txaranga doinu bat?

Diana, goizean goiz jotzen dutena.

Inauteriek egunez ala gauez? 
Egunez.

Eta une zehatz bat? 
Karrozetan jendeak prestatutako dantzak egiten dituztenean.

Mozorro bat? 
Bada, ez dakit... Pailazoarena [barrez].
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!