Ondoren, 10.000 metroko kanporaketa proban ere lasterketa txukuna egin zuten, Aitor Vacasen 8. postua nabarmenduz, eta talde gisa 6. postuan amaituz. Larunbatean laugarren postuan zeuden sailkapen orokorrean, eta iganderako aurreikuspen onekin jarraitzen zuten, indoorrean ondo moldatzen baitira.
Igandean, San Juaneko pistan, beraien espezialitatean, indoor txapelketa jokatu zuten, bigarren jardunaldia hain zuzen ere. «Ez ginen gaizki hasi, estatuko iraupen motzeko espezialistarik onenekin borrokan ibili baikinen, eta oso gutxigatik ez ginen onenen finalerdietara sailkatu», azaldu dute Irristakatik. Horrek, bigarren aukeraren linboan sartu zituen. Azkenean, B finalerako sailkatu ziren, hau da, 6. postutik 10. postura bitarteko lehian, baina akats tekniko batengatik deskalifikatuta geratu ziren. Hori dela eta, larunbateko eta igandeko jardunaldien ostean, zortzigarren postuan sailkatu ziren sailkapen orokorrean.
«Larunbatean emandako maila ikusita, zapore gazi-gozoa geratu zaigu, baina hasieran ezarritako helburua bete genuen behintzat: maila jaitsierako postuetatik kanpo gaude», zehaztu dute taldetik. Hurrengo bi jardunaldiak martxoan izango dira, Asturiasen.