Asteartita 25

200 euroko saria, Pattar zezeneko errekortari onenarentzat

Ataria 2025eko otsailaren 26a

2024ko Pattar zezeneko une bat. LEYRE CARRASCO

Tolosako Kabila Elkarteak I. Antxon Maderas Saria sortu du, iaz zendu zen Antxon Elosegiren omenez; Asteartita goizeko ekitaldiko errekortari onena sarituko dute.

Iazko ekainean hil zen Antxon Elosegi Vitoria tolosarra. Ekarpen handia egin zion Tolosari, batez ere kulturalki. Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakaria izan zen, eta 2023an, Kabi Alai Kuttun izendatu zuten; urte horretan, berak eman zien hasiera inauteriei.

Bada, aurtengo inauterietan, Kabila Elkarteak hainbat ekintza antolatu ditu Elosegi omentzeko. Horietako bat, I. Antxon Maderas Saria izango da. Lehiaketa bat sortu du elkarteak, Asteartita goizean egiten den Pattar zezeneko errekortari onena izendatzeko. Irabazleak 200 euroko saria jasoko du, inauterien ondoren Kabila elkartean egingo duten ekitaldi batean.

Kabila elkartetik adierazi dutenez, «tonu barregarri, etxeko eta ez-ofizial batean» antolatu dute lehiaketa. Hiru baldintza ezarri dituzte: «Batetik, lehiaketako parte-hartzaileek Tolosako Inauterietako zezenketetan parte hartzeko Eusko Jaurlaritzak ezarrita dituen gutxieneko baldintzak bete beharko dituzte. Bestetik, errekorte deritzo ganaduari aurrez aurre deitu, bere bidera irten, erasoan errekortea egin eta, aurpegia irabazita, bizkarrez ateratzeari, baita salto edo iskin egiteari ere. Azkenik, Kabila Elkarteak izendatuko ditu epaileak eta haiek erabakiko dute zein izan den errekortari onena. Haien erabakia apelaezina izango da».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!