Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak mendeurrena beteko du aurten, eta horren harira logo berri bat diseinatzeko lehiaketa jarri zuen martxan. Irati Etxeberriak (Tolosa, 2000) irabazi du lehiaketa, sorpresa hartuz. Bere bikotekidearekin batera Beira proiektua jarri du martxan.
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren logo berriaren lehiaketa irabazi duzu. Nola hartu zenuen albistea?
Sorpresa handiz. Lehiaketaren oinarrietan jartzen zuenez, egun jakin batean jakinaraziko zuten irabazlea. Sara sozialetan begira eta zain nengoen, pentsatzen ordurako diseinatzaileak berak jakingo zuela irabazlea zela. Honela, bat-batean deitu egin zidaten eta irabazlea nintzela esan zidaten. Sorpresa hartu nuen.
Nolatan aurkeztu zinen?
Nire bikotekideak bidali zidan publikazioa Instagram bitartez. Biak diseinatzaile grafikoak gara. Beti esan dugu euskal kultura bultzatzea oso garrantzitsua iruditzen zaigula; lehiaketa hau ikusi genuenean bakoitzak bere logoa egin, eta aurkeztu egin ginen. Irakurri bezain pronto, lehenengo ideia berehala etorri zitzaidan, hau da, frontoietako marka.
Nolakoa da logoaren diseinua?
Oinarria frontoietako marka da, gezi moduko bat eginez. Berde kolorekoa da, eta frontoia irudikatzeko txapak ditu, zuriz margotuta. Eta elementu zentral moduan, pilota.
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak mendeurrena beteko du aurten; aurreko logoak armarri baten forma zuen, mantendu egin da.
Ehun urte beteko ditu federazioak, eta azkenean helburuetako bat zen logoa pixka bat modernizatzea. Baina ehun urte dituen erakunde batek badu bere historia eta hori ezin da ahaztu. Modernizatu bai, baina pasatako guztia ahaztu gabe. Orain arte izan den logoak armarri itxura bazuen. Frontoiko marka horrek utzi dit forma original horren arrasto bat uztea.
Logo bat egiterakoan nondik hasi?
Bi aukera daude. Norbait etortzea eta esatea ez duela irudirik, zer edo zer sortu nahi duela, eta zu zerotik hastea. Beste aukera da dagoeneko iruditegi bat duen erakunde edo enpresa batek, kasu honetan federazio bat, berritu egin nahi duela. Hor baduzu oinarri bat, badakizu filosofia, badakizu zer erakutsi behar zuen logoak... Edozertan hasi baino lehen, nahiz eta lehiaketaren berri irakurtzerakoan niri irudi bat burura etorri, niretzat oso garrantzitsua da azterketa eta behaketa lana egitea. Kasu honetan federazioarena eta baita beste federazioena ere, helburua bazelako ezberdintzea eta zerbait bakarra sortzea beraientzako. Dituzun ideia guztiak saiatu behar zara albo batera uzten, gero berreskuratuko dituzulako, eta lehenengo gauza da behaketa lan hori egitea, dokumentatzea.
Imajinazioa zenbateraino da garrantzitsua?
Hor dago inspirazioaren kontua... Eta niri, egia da hasieran etorri zitzaidala ideia; oso burugogorra naiz eta bai ala bai ideia horrekin joan nahi nuen. Baina hamar mila saiakera egin nituen, eta azkenean logoaren azken emaitza epea bukatu baino hiru egun lehenago lortu nuen, eta ez aurkeztekotan egon nintzen. Ideia batetik logo bat sortzeraino badago tarte bat eta saiakera asko.
Diseinatzeko abilezia beharko da, diseinu grafikoaren erremintak ezagutzea.
Ikaragarrizko garrantzia du horiek ezagutzea; ez bakarrik erremintak, nik uste garrantzitsuagoa dela programa jakin bat ondo ezagutzea baino diseinuko nozioak izatea. Ez da marrazki bat egitea edo elementu batzuk edozein modura kokatzea. Ezagutu behar dituzu proportzioak, jakin behar duzu gauza bakoitza non jarri, hierarkizatu, gauza bakoitzarekin zer transmititu, adibidez koloreekin. Oso garbi izan behar duzu elementu bakoitzarekin zer transmititzen duzun. Denak transmititzen du: tipografiak, irudiak, koloreak, konposizioak... Tresnak erabiltzen jakin bai, baina nozioak edukitzea garrantzitsuagoa da.
«Ez da hain garrantzitsua marrazten jakitea, zure lanaren oso portzentaje txikia izango baita ilustrazioa»
Marrazten jakitea beharrezkoa da?
Ni marrazten ibiltzen naiz, baina nik ez dut marrazten ikasi. Nire bikotekideak ere diseinu grafikoa ikasi du, baina ez daki marrazten. Ikasketa garaian, bazegoen ikaragarri ondo marratzen zuen jendea. Ez da ezinbesteko baldintza diseinatzaile izateko, bakoitzak bere baliabideetatik estilo bat garatzen du, eta niretzat ez da hain garrantzitsua marrazten jakitea, zure lanaren oso portzentaje txikia izango baita ilustrazioa. Nik ez dakit marrazki errealista bat egiten, baina saiatuko naiz ilustrazio bat eskatzen badidate nire eremura eramaten, eta lortuko dut marrazki hori modu batera edo bestera ateratzen.
Nolatan sartu zinen komunikazio grafikoaren alorrean?
Lehenengo Ikus-Entzunezko goi maila bat egin nuen. Txikitatik, eta nire lagun guztiek esan dezakete, bideoak eta argazkiak ateratzen egon naiz beti. Ikasketak konfinamenduan bukatu nituen, eta argi nituen bi gauza: animaliekin zerikusia zuen zerbait ikasi nahi nuela Internetez, eta diseinu grafikoa asko gustatzen zitzaidala; ilustrazioak, kartelak... Aurretik etxean saiatzen nintzen kartelak egiten, eta argazkietan Photoshop programa erabiltzen. Hasieran zalantza izan nuen berriro ikasten hasiko ote nintzen, baina animatu nintzen, nire bikotekideak ere animatu ninduen, eta biak hasi ginen diseinu grafikoa ikasten Urnietan. Orain bi urte bukatu nuen.
Zerk erakartzen zaitu bereziki?
Maketazioak, ikaragarri gustatzen zait. Goi mailako honetan proiektuen bidez funtzionatzen genuen. Erronka bat ematen ziguten, eta guk hori garatzen genuen, eta proiektu bakoitzean txosten bat entregatzen genuen. Niri gehien gustatzen zitzaidana maketatzea zen: testua non jarri, zer tipografia, estilo ezberdinak, argazkiak... Ikaragarri gustatzen zait.
Beira komunikazio grafikoa proiektua sortu duzu. Nolatan?
Nik gitarra ikasi nuen Isidro Larrañaga eskolan txikitatik. Konfinamendua bukatu zenean, Ander Zubillaga bertako zuzendariak —bera izan zen nire gitarra irakaslea— eskaini zidan gitarra irakasle bezala aritzea, eta administrazioan aritzea eta sare sozialak eramatea. Hor hasi nintzen eskolako sare sozialez arduratzen, eta urtebeteren ondoren utzi egin nuen, diseinu grafikoa ikasi nahi nuelako. Lehenengo urtean ikasten egon nintzen, eta bigarren urtean nengoela eskatu zidan berriro itzultzeko sare sozialen kontu horretara, eta baiezkoa eman nion: nozio batzuk banituela ikusten nuen. Orduan, nire bikotekidea eta ni eseri ginen eta berak Kazetaritza eta Diseinu Grafiko ikasketak izanik, eta nik Ikus-Entzunezkoa eta Diseinu Grafiko ikasketak izanik, proba egin genezakeela pentsatu genuen. Eta hor jarraitzen dugu. Dena Ander Zubillagarekin hasi zen.
Eta gero izenarena etorri zen.
Marka sortu aurretik azterketa lan bat egin behar da, guk briefing-a deitzen dioguna. Galdeketa bat egiten da eta hor sartzen dituzu historia, filosofia... Guretzako oso garrantzitsua da euskal kultura, tokikoa... gure filosofia guztia hortik doa. Badago Marizulo izena duen toki bat Urnieta inguruan, eta hasieran hori genuen buruan, baina oso luzea iruditu zitzaigun. Buelta bat ematen, pentsatu genuen gure zerbitzuak tokiko komertzioei bideratzea, komunikazio eta sare sozialetako arlo honetan denbora ez dutenei, edo jakintza ez dutenei. Ttipi pentsatu genuen, eta halako batean bikotekidea etorri zitzaidan esaten ea zer iruditzen zitzaidan Beira izena. Alde batetik, beira, kristalaren moduan, ikusteko gai garelako; bestetik, begira hitza laburtuta delako, eta bikotekideak Beñat izena du eta bere izeneko «be» hartu eta nire izeneko «ira» hartuta, beira ateratzen da. Hortik dator.
Zer eskaintzen duzue?
Guk batez ere malgutasuna eskaintzen dugu eta bakoitzari egokitutako zerbitzua. Hiru multzotan sailkatzen ditugu gure zerbitzuak. Alde batetik, proiektu indibidualak. Argazki batzuk ateratzea gero Instagramera igotzeko; edo bideo aurkezpen bat, esaterako kontzertu bat egin dutelako eta hori Youtubera igo nahi dutelako. Beste zerbitzu bat kanpaina egitea deitzen dioguna da: zerbait osatuagoa izango litzateke, hau da, iruditegi bat egitea. Adibidez, kontzertu bat egin nahi du norbaitek, eta kartela egiten dugu, argazkiak ateratzen ditugu eta kontzertuaren bideoa sortzen dugu, horri dena tratamendu homogeneo bat emanez. Bestalde, sare sozialen kudeaketa eta plangintzak ere egiten ditugu: bezero bakoitzari egokituta ematen diogu. Ulertzen dugu komertzio bakoitza ez dela berdina, aurrekontuak ere ez direla berdinak. Gure helburua hori da, tokiko komertzioei eta enpresei, behar duenarentzako, denbora ez duenarentzako edo ez dakienarentzako, laguntza bat eskaintzea. Gure berri Instagrameko @Beiragrafikoa kontuan jaso daiteke.
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren logo berria diseinatzeak ere ekarriko zizuen publizitatea.
Ez nuen irabaztea espero, beraz, irabaztetik aurrera dena irabaztea izan da. Elkarrizketak egin ditut batetik eta bestetik, ez nituenak espero, eta zorion mezuak leku guztietatik jaso ditut. Erakusleiho oso ona da hasi berri dugun proiektuarentzat.
«Bakoitzari egokitutako lan bat egin nahi dugu, tokikoaren alde apustua egin nahi dugu, euskal kulturaren aldeko apustua»
Nola bereizi beste diseinatzaile grafikoetatik? Nola egin bidea?
Guretzat, diseinu grafikoan gabiltzanontzat, errazagoa da bereiztea. Askotan nabaritu dut gauza bat zeinek egina den. Begia oso landuta dut, erraz antzemateko. Gaur egun jende asko dago diseinuaren munduan. Jende askorentzako oso eskuragarri daude plataforma ezberdinak, eta zaila da mundu hau. Diseinatzaile talde bakoitzak bere estiloa du. Gu gehien bereizten gaituena diseinutik harago doan ezaugarri bat da: gertutasuna. Bakoitzari egokitutako lan bat egin nahi dugu, tokikoaren aldeko apustua egin nahi dugu, euskal kulturaren aldeko apustua, eta hori da gure bereizgarria. Egiten ari garen lanen feedback oso ona jasotzen ari gara. Ikustea esfortzu handia eta denbora asko eskaintzen diozula, eta gero bueltan esker ona etortzen zaizula, zoragarria da.