Enara Agote irabazle, Sahararen aldeko krosean

Ataria 2025eko otsailaren 25a

Enara Agote, erdian, lehen hirurei ateratako irudian. GOiERRIKO HITZA

Sahararen aldeko 16. krosa egin zuten igande goizean Ormaiztegin. Helduetan bi ibilbide izan ziren, 5 kilometrokoa eta 10 kilometrokoa, eta luzeenean Enara Agote tolosarra izan zen irabazlea.

Giro paregabea izan zuten korrikalari zein herritarrek Sahararen aldeko krosean. Haurren probak egin zituzten lehendabizi eta ondoren helduen proba egin zen. Azken hauek, lasterketa ohiko formatuan egin zuten arren, ibilbidean aldaketa txiki bat egon zen eta aldapa «gogor» bati aurre egin behar izan zien lasterkariek.

10 kilometroko proban emakumezkoetan Enara Agotek lortu zuen garaipena. Tolosaldea Sahararekin elkarteko kide izan zen Agustin Agoteren alaba da tolosarra. Emakumezkoetan, bigarren Amaia Aristu eta hirugarren Ane Martinez izan ziren. Gizonezkoetan Xabi Santxez izan zen irabazlea. Ibilbide motzean Adrian Pajares eta Nagore Lizardi gailendu ziren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!