Martxoaren 15ean Tolosako Topic antzokian oholtzaratuko du Humor Negra ikuskizuna Asaari Bibang (Malabo, Ekuatore Ginea, 1985) umoristak. 19:00etan hasiko da, eta elkarlanean antolatu dute Andragora Tolosaldeko emakumeen etxeak, Tolosako Udalak eta Tolosaldea Garatzenek. Bere bizitzako zenbait pasarte kontatuko ditu Bibangek, betiere antirrazismoan eta feminismoan ardaztuta.
Zer topatuko du 'Humor negra' ikustera joaten denak?
Umorea topatuko du [barrez]. Honelako lan batek hausnarketarako bidea ematen duenean edo aldarrikapen batzuk biltzen dituenean... Jendea komedia hauek ikustera joaten da sinposio edo hitzaldi batera joango balitz bezala; eta ez dira halako ezer. Umorea topatuko dute, eta barre egingo dute. Umoreak jarrera antirrazista eta feminista argiak ditu, baina umorea da. Eta nire egiteko nagusia da jendeari ondo pasaraztea.
Nondik datorkizu hori kontatzeko beharra?
Hasierako asmoa zen nire bizitzako alderdi batzuei buruzko ikuskizun bat egitea. Kontua da nire bizitzako alderdi asko zuzenean lotuta daudela arrazakeriarekin, feminismoarekin... Bizipen asko ditut, zeinak ezin ditudan kontatu hori alde batera utzita. Ez luke izango zentzurik.
Gainera, zoritxarrez, balio erantsi handia ematen dio ikuskizunari gaurkotasun handiko gai horiek lantzeak eta, aldi berean, aukera emateak barre egiteko eta ikasteko.
Zenbat du esperientziatik, eta zenbat fikziotik?
Ez, ez; zoritxarrez ez dago fikziorik [barrez, nekatuta bezala]. Bene-benetakoa da dena, baita zentzugabekeriarik handiena ere. Are gehiago, dena idatzi dudala pentsatzen dudanean, errealitatea bera gainditzen duen zerbait berria gertatzen da [barrez].
Zorionez, bakarrizketa bizirik dagoen arte bat da, eta etengabe kentzen zein gehitzen ditut gauzak. Nik ere bizirik iraun behar dudalako, eta neroni ere barregarria iruditu behar zaidalako.
Dena, baina, ez da izango erraza kontatzeko, ezta?
Ez, egia da. Beti esaten dut ikuskizuna hazi egin dela nirekin, eta ni ere hazi naizela berarekin. Egia esan Humor Negra barne lan eta hazkuntza baten fruitua da.
Oraindik mingarria denean ezin da idatzi; min ematen badu, ezin da komediarik egin. Kontrara, umorea egin badezakezu, sendatuta dagoenaren seinale. Dena dela, ondo dago komedian ere oraindik min pixka bat egitea.
Zein izan da erronkarik handiena?
Bakarrizketena oso eremu maskulinizatua da. Profil oso zehatz batek egiten du, eta nire aurkakoa da: gizon zuria. Eta, zentzu berean, oso gai zehatzen inguruan egiten da komedia. Kontrara, ni emakume beltz bat izatetik harago, jendearengan ukapen edo barrera moduko bat sortzen duten gaietan mugitzen naiz.
Hori erronka bat da, komedia —hein handi batean— enpatia ariketa bat delako. Nire profileko hizlarioi bestelakotasun batetik begiratzen gaituzte; edo, behintzat, norbere buruarekin zerikusirik ez duen leku batetik. Baina hori horrela izanda ere, pertsonak pertsonak gara, berdin dio zein koloretakoak. Ama bat ama bat da; eta bere burua errekonozituko du zenbait kontakizunetan. Komunak diren esperientziek batzen gaituztelako, edozein dela ere jatorria, erlijioa edo dena delakoa.
Edonork ikusteko moduko ikuskizuna al da?
Publiko guztientzako egokia da; guztiok kezkatzen gaituzten gaiak lantzen ditut. Arrazismoarekin eta feminismoarekin lotzen ditut ezinbestean, nahi gabe zeharkatzen nauten gaiak direlako. Eta barre egitetik harago zerbait ikasteko balio baldin badu, zoragarri.
Ikuskizun honek duen gauza eder bat da mota guztietako jendea biltzen duela. Bere burua deseraikitzen ari den jende zuri asko etortzen da, eta diskriminazio esperientziak kontatzen direnez, baita mota askotako etorkinak eta bestelakoak ere. Edonorentzako leku egokia da, eta ez guztiak errespetatzen ditudalako, baizik eta guztiei jotzen diedalako adarra.
Nola garatu da ikuskizuna?
Ikuskizunak garapen handia izan du, eta baita nik ere. Helduagoa naiz orain, eta amatasunak eragin handia izan du horretan. Zenbait gauzei garrantzia kentzen diezu eta beste batzuetan zentratzen zara; eta gauza bera gertatu zait feminismoari eta antirrazismoari dagokionean ere. Asko ikasi eta irakurri dut.
Ahalegin bat eskatzen du, antirrazista edo feminista zarela esate hutsak ez duelako ezertarako balio; ekintzetara pasa behar da. Eta ekintzak berarekin dakar heztea, ikastea, deseraikitzea, ispilura begiratzea eta zeure burua onartzea.
Eta nola garatu zara zu ikuskizunarekin?
Neronek deseraikitzeko lan handia egin dut, eta hori islatu egiten da ikuskizunean, esate baterako, txisteen heldutasunean. Gaur egun jarrera argiagoa dute, helburu garbiagoa eta, aldi berean, sotilagoa. Eta baita beldur txikiagoa ere; askoz ere beldur txikiagoa.
Duela lau urte sentitzen nuen beldurrak ez du zerikusirik gaur egungoarekin. Hori esperientziak ematen dizu; eta oholtza gainean aritzeak, segurtasuna. Horrek, eta jakiteak jende asko daukazula, zeinak zure umorea babesten duen. Badakite nondik datorren txiste bakoitza, eta konfiantza dute leku horrekin. Hori horrela, abagune zabalagoa uzten dizute marra pixka bat zeharkatzeko. Eta, nire ustez, umorista batek arriskatzeko ardura ere badu, besteek esaten ez dituzten gauzak esatekoa, alegia. Ni saiatzen naiz gauzak ikuspegi kritiko batetik esaten eta, batez ere, umoretik, jakina.
Non dago oreka?
Oreka ideiarik ere ez duzun gaiez ez hitz egitean datza. Askotan galdetzen da ea non dagoen umorearen muga. Egia esan, nik ez daukat oso argi, baina niretzat hiru oinarri ditu umoreak. Batetik, ez egin txistea goizegi, hanka sartuko baituzu oraindik min egiten badu. Bigarrenik, ez hitz egin benetan ezagutzen ez dituzun gaiei buruz: ezagutzen baduzu jakingo duzu txistea non egin, non jaso eskua eta non sartu atzamarra, baina gaia ezagutzen ez baduzu, hanka sartuko duzu. Eta, hirugarrenik, ziurtatu txistea ona izango dela, horrek bakarrik justifikatuko baitu hura egitea. Horiek bete ezean, gelditu isilik.
Lehen aipatu duzu umoreak enpatia duela oinarri, baina badu kulturarekin ere zerikusirik. Euskal Herriko emanaldietan nabaritu duzu ezberdintasunik?
Nabaritzen da, bai [barrez]. Txiste bereziak ere baditut zuentzat. Katalanei buruz esaten da barrurantz egiten dutela barre. Iparraldekoak hotzak direla diote, baina ez da egia. Nik esaten dut zintzoak direla, ez faltsuak; eta zerbait gustatzen zaienean, oso leialak direla. Gainera, umore gogorra gustatzen zaion publikoa da. Hegoaldean, berriz, leku batzuek ez naute asko erakartzen, beren umore propioa dutelako eta oso berezia delako; eta haiengana moldatu ezean, ez dizutelako atea zabaltzen.
Ez da erraza izango moldatzea.
Gehiago da zure publikoa definitzea, edo pixkanaka hori sortzea egiten duzun umorearekin, ukituekin, izaerarekin... Eta behin hori sendotuta, edozein lekutara joanda ere, zure publikoaren ezaugarriak dituen jendea gerturatzen da. Nik, orokorrean, ez dut esperientzia txarrik izan. Egun hobeak edo txarragoak izaten dira, baina pixkanaka sendotu egiten zara. Eta egun txar bat duzunean ere, aurrera egiten ikasten duzu.
Ikasi egiten duzu publikoa irakurtzen: zein txistek funtzionatzen duten, eroso dauden ala ez, nor zirikatu eta nor utzi bakean... Nik publikoarekin harreman handia sortzen dut ikuskizunean, asko gustatzen zait. Haiek edaten dute nik esaten dudanaz, baina nik ere asko hartzen dut haien energiaz. Hori guztia kontuan hartuta ematen duzu pauso bat aurrera, edo atzera.
Ikuskizun berri bat ere baduzu esku artean. Nolakoa da?
Bibang Theory izena du, eta ezberdintasun nagusia da filosofia txolineko show bat dela. Lau urtez aritu naiz barne lana egiten, hezten, hazten, idazten... Eta gogo handiagoa nuen zerbait txolinagoa egiteko; show bat egiteko, ezer ez egiteko. Ondo pasatzeko, besterik gabe. Horrek ez du esan nahi azpian gogoetarik ez duenik; baditu. Baina askoz ere kaskarinagoa da.
Humor Negran baino askoz ere interakzio handiagoa du publikoarekin, gauza eroagoak gertatzen dira eta neure buruari askatasun handiagoa eman diot. Mantra da: «Ez diezazkigutela kendu batukadak». Borroka antirrazistan, feministan eta abar murgiltzen zarenean eta hainbesteko kontzientzia soziala garatzen duzunean, batzuetan, arima tristatu egiten da. Zuk umoretik begiratzen duzulako, baina testuinguruari ez zaio ezikusiarena egin. Horregatik, kaskarin izatearen aldeko aldarri bat da: niri ere gustatzen zaidalako besterik gabe barre egitea, hausnarketarik gabe. Eta Humor Negra bezalako lan baten ondoren, gogo handia nuen horrelako zerbait egiteko.
Zer esango zenioke zure ikuskizunera joan edo ez zalantzan dagoenari?
Ez dadila joan, gero kontatu egingo diote eta izorratu egingo da. Niri berdin dit [barrez].