Sindikatuak gogorarazi du zerbitzu publikoa dela, nahiz eta enpresa kudeatzailea, Industrias Carnicas del Oria (Incarosa), pribatua izan, eta erantzukizunak eskatu dizkio Tolosaldeko Mankomunitateari. ELA-k zerbitzua kudeatzeko eta azken hilabeteetan ordaindu ez diren nominak ordaintzeko eskatu dio mankomunitateari.
Enpresan 11 langilek egiten dute lan eta hiru hilabete daramate soldatarik kobratu gabe. Hiltegiak Goierri eta Tolosako 400 abeltzaini eta 75 harakini ematen die zerbitzua. Incarosa enpresak du hiltegiaren ardura 1995. urtetik eta beste hamar urterako kudeaketa kontratua du oraindik. Enpresak kanpoko kudeatzaile bat jarri zuen azpiegitura zuzentzeko, eta hark iazko abenduan utzi zuen kargua.
Grebaren deitzailea ELA sindikatua da, eta hark eta ENBAk konponbidea bizkortzeko eskatu diote mankomunitateari. Prozesu horrek, baina, txosten juridikoa, txosten ekonomikoa eta mankomunitatea osatzen duten 45 udalen oniritzia behar du. Bi sindikatuek gertuagoko kudeaketa eskatu dute etorkizunean, egungo egoera «kontrolik ezaren» ondorio delako haien ustez.
ENBAk, halaber, argi utzi du Tolosako hiltegiaren etorkizunaren gaineko planteamenduak egiteko orduan zerbitzua «bertako abeltzainen beharretara» egokitu behar dela, «eta ez kanpoko handizkarien animaliak hil eta gure merkatuan gure haragiari konpetentzia egingo dion azpiegitura bat diseinatu».
Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!
EGIN ATARIKIDE!