Tolosako dokumental bat, aurtengo Mendi Tour jaialdian

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko otsailaren 21a

Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea, Eusebi Hidalgo Oreka Tolosako kidea eta Jabier Baraiazarra Mendi Filmeko zuzendaria, gaurko aurkezpenean.

Martxoaren 10ean, 11n, eta 12an ospatuko da Leidor aretoan; azken egunean, Oreka Tolosa taldeko kideek Nerbioiko ur-jauzian egindako highline-ari buruzko 'Peligro. No asomarse' ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute.

Beste urte batez, mendiko zinemarik onenaz gozatzeko aukera izango da Tolosan, Mendi Tour jaialdian. Martxoaren 10ean, 11n eta 12an, bederatzi pelikula proiektatuko dituzte Leidor aretoan. 15. edizioa izango da aurtengoa. Jabier Baraiazarra Mendi Filmeko zuzendariak adierazi du jaialdia egin zen «lehen herria» izan zela Tolosa, eta ordutik, harremana «oso ona» izan dela nabarmendu du. «Ez dugu ulertzen Mendi Tour jaialdia Tolosa gabe. Gainera, aurtengo programazioan tolosarrek parte hartze zuzena dute».

Izan ere, iragan abenduan BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldian parte hartu zuten lanak ikusi ahal izango dira Tolosan. «Guztiak dira obra gomendagarriak mendizaleentzat, zinemazaleentzat nahiz publiko zabalarentzat», nabarmendu du Baraiazarrak. Eta horietako bat, bertako ekoizpena izango da: Oreka Tolosa slackline taldearen Peligro. No asomarse dokumentala, Dani Cascales Granadosek zuzendua. Nerbioiko ur-jauziko highline jarduera kontatzen du, Euskal Herrian sekula egin den luzeena, ia kilometro bateko luzerako eta 200-300 metroko altueran kokatutako sokarekin.

2024an, Mendi Film Bizkaia Ternua Beka jaso zuen proiektuak, eta abenduan estreinatu zuten ikus-entzunezkoa Bilbon, arrakasta handiarekin. Azken egunean aurkeztuko dute, herritarren aurrean. «Dokumental zoragarria da, harrera bikaina izaten ari dena, ikusle guztiak zoratzen ari baita Mendi Tour jaialdia egiten ari garen herri guztietan. Eta espero dugu Tolosan ere hala izatea», esan du Baraiazarrak. Andu Martinez de Rituerto alkateak Oreka Tolosako kideak zoriondu ditu. «Ohorezko tokia» izango dutela aurreratu dio Eusebi Hidalgo taldeko kide tolosarrari.

Duela bost urte sortu zuten Oreka Tolosa elkartea. «Herritarrak jakitun dira Riverline jaialdia egiten dugula, eta asko entrenatzen dugula bertan. Dokumentala, baina, haratago doa. Hau ez da erreka gainean bakarrik egiten, baita altuera handietan ere. Arriskuak hartuz, paisaia epiko batean egin dugu, kirolari guztientzat oso erakargarria den ingurunean. Guretzat, orain arte egin dugun proiekturik handiena da. Ia astebete igaro genuen dena muntatzen, gero bi egunetan soka gainean aritu eta ahalik eta irudi gehien hartzeko», azaldu du Hidalgok.

'Peligro. No asomarse' dokumentaleko fotograma bat. Argazkia: Maite Diez.

Atzetik dagoen lana ezagutarazteko

Laugarren aldiz eman du beka jaialdiak; 10.000 euroko diru laguntza da. Baraiazarrak adierazi du laguntza hori ematearen helburua «bertako ekoizpenak sustatzea, eta bide horretan laguntzea» dela. «Daniren lehen lan luzea izan da. Ez zuen ideiarik ere proiektuaren handitasunaz, ezta halako dokumental bat egiteak eskatzen duen lanaz ere. Lehen urratsak emateko, baina, jaialdiaren laguntza izan zuen, Itziar Garcia Zubiriren aldetik», azaldu du Mendi Filmeko zuzendariak.

Beka lortu ezean, dokumentala egitea «ezinezkoa» izango zela aitortu du Hidalgok. «Sekulako ilusioa egiten digu guk gehien maite dugun jarduera dokumental batean erakusteak, baina are gehiago, Tolosara ekarri eta ingurukoei eta herritarrei erakusteak. Hunkitu egingo gara, negar egingo dugu, eta poztu ere, poztuko gara. Highline mundua ezagutarazteko aukera izango dute bertaratzen direnek».

Baraiazarrak nabarmendu du, dokumentalean ez dela bakarrik edertasuna eta zailtasuna erakusten. «Atzetik dagoen lan guztia ere ezagutu ahal izango da». Hidalgok, bere anaia Mario goraipatu du aurretiazko zeregin horietaz hitz egitean. «Hau ez litzateke posible izango berak logistika aldetik eta baimenak lortzeko egindako lan guztiagatik». Kirola edo jarduera bera berria denez, baimenak lortzeko prozesua «luzea» izan dela gaineratu du tolosarrak.

Eusebi Hidalgo, gaurko aurkezpenean.

Programazio «ikusgarria»

Jaialdian proiektatuko diren gainerako zortzi lanetan, askotariko jarduerak erakutsiko dira: eskia, eskalada, alpinismoa, dantza bertikala edota bidaiak. Horietako jomugak ere oso desberdinak dira: Nerbioiko ur-jauzitik hasi, Anboto, Udalaitz, Maroko, Alpeak, Himalaia eta Antartika gurutzatu, eta Estatu Batuetako Red Rock Canyon erreserba nazionalera heldu arte. Pelikuletako protagonistak, gainera, pertsonaia oso ezagunak dira: Erri de Luca idazle eta poeta italiarra, Helias Millerioux alpinista frantziarra, Jamie Logan alpinista estatubatuarra, Hillary Gerardi mendi lasterkari estatubatuarra, Nina Caprez eskalatzaile suitzarra, Janire Etxabe eskalatzaile eta dantzari bizkaitarra, Xavier eta Victor De Le Rue muturreko eskiatzaile txapeldunak eta Xavierren alaba Mila, eta noski, euskal highline espezialistak.

Programazio «ikusgarria» dela aurreratu du Mendi Filmeko zuzendariak. «Goi-mailako aktibismoa, zailtasun handiko jarduerak, konpromisoa, bizitzeko modu desberdinak, eta balioetan oinarritutako naturarekiko errespetua erakutsiko dira. Badaude mendiarekin lotura handia duten pertsonak, erantzukizunez jokatzen dutenak, eta gizartean ere sekulako konpromisoa hartzen dutenak».

Egitaraua
  • Martxoak 10, astelehena
    • Red Rock revolution | Estatu Batuak | Jim Aikman | 8 minutu | Ingelesa | Eskalada. Jorge eta Joanne Uriostek 70. hamarkadan jo zuten Las Vegasera, Nevadara. Red Rock Canyon Ipar Amerikako eskalada meka bihurtu aurreko garaiak ziren.
    • L'età sperimentale (Mendi Film 2024ko gidoi onena) | Italia | Marco Zingaretti | 27 minutu | Italiera | Eskalada, zahartzaroa. Erri De Luca idazle, kazetari eta poeta italiarrak eskalatu egiten du bere burua zaintzeko, eta nola egiten duen azaltzen du. «Inor ez da zaharra izan nire aurretik», dio, gidatuko duen eredurik ez duela konturatuta.
    • Nuptse L'inaccessible absolu | Frantzia | Hugo Clozeau | 67 minutu | Frantsesa eta Ingelesa | Alpinismoa. Hélias Millerioux, Frédéric Degoulet eta Benjamin Guigonnet alpinistek Nuptseren hego aurpegi mitikoan ibilbide berri bat ireki zuten 2018an. Urrezko Piolet Saria jaso zuten.
  • Martxoak 11, asteartea
    • Jamie (Mendi Film 2024ko film labur onena) | AEB eta Kanada | Darcy Hennessey | 18 minutu | Ingelesa | Alpinismoa, transexualitatea. Jamie Logan 70eko hamarkadan Ipar Ameriketako mendizale puntakoenetako bat izan zen. Baina bazuen sekretu bat, 60 urte luzez isilik mantendu zuena: emakume sentitzen zen.
    • Always alife | Frantzia | Davina Montaz-Rosset | 35 minutu | Ingelesa | Trail-running, klima aldaketa. Hillary Gerardi eta Mont Blanceko Trail running errekor saiakera. Eta harekin lotuta, Heidi Sevestre glaziologoaren diskurtsoa glaziarren garrantziaz kontzientzia sortzeko.
    • Andrea, an unpaved route (Mendi Film 2024ko kirol eta abentura film onena) | Frantzia | Maxime Moulin | 42 minutu | Frantsesa | Eskalada, elkartasuna. Nina Caprez Marokon familia bidaia batean murgilduko da Andrea deituriko ibilgailuan. Bidean bertako kulturak eta hainbat eskalatzaile ezagutuko dituzte.
  • Martxoak 12, asteazkena
    • Haize lerroak | Euskal Herria | Janire Etxabe | 13 minutu | Euskara | Dantza bertikala. Janire Etxabek, 4 urteetan zehar Euskal Herriko mendi eta baso esanguratsuenetan egindako dantza lerro bertikalak.
    • Peligro. No asomarse (Mendi Film Bizkaia Ternua Beka 2024) | Euskal Herria | Dani Cascales Granados | 48 minutu | Euskara eta gaztelania | Highline. la kilometro bat luze den highline lerro bat Nerbioiko ur-jauzian. Talde sendoa, Gipuzkoako eta Bizkaiko highline komunitateko kidez osatua.
    • Of a lifetime (Mendi Film 2024ko argazkilaritza onenari saria) |Frantzia | Jérome Tanon | 44 minutu | Ingelesa eta frantsesa | eskia. De Le Rue freerider familia ospetsuak Antartikara eginiko bidaia: Xavier, Victor eta Mila. Esplorazioa, abentura eta belaunaldi aldaketa.

Sarrerak eta bonuak, salgai

Hiru saioak 19:30ean hasiko dira. Jatorrizko bertsioetan emitituko dira lanak, euskarazko edota gaztelaniazko azpitituluekin lagunduta; pelikulen aurkezpenetan, gainera, zeinu hizkuntza interpretazioa egongo da. Saio bakoitzerako sarrerak eta hiru egunetarako bonuak Leidorreko leihatilan edo online eskuratu daitezke. Sarrera bakoitzak 5 euroko kostua du; bonuak, berriz, 12 euro balio du.

Tolosako Udalak, kirol eta kultura sailen bidez, jaialdia babestuko du, baita TolosaGasak ere, orain arteko edizio guztietan egin moduan. Martinez de Rituertok esan du udalarentzat «plazera» dela ekitaldia babestea: «Tolosarentzat ekitaldi garrantzitsua da, oso errotuta dagoena. Historian zehar, herriak lotura handia izan duelako mendiarekin, naturarekin eta abenturarekin. Hortaz, bat egiten dugu jaialdiarekin, baina ez bakarrik kirolaren ikusgarritasuna azaltzen delako, baita pertsonen historiak kontatzen direlako ere, eta jaialdian proiektatzen diren lan guztiek erakusten dutelako naturarekiko errespetua eta zaintza».

Mendi Tour jaialdiko trailerra:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!