Iraupen eskiko Euskal Herriko Txapelketa izan da asteburuan Larra-Belaguako Contiendan. Bertan esprint eta distantzia txapelketak izan dira jokoan, biak estilo librean, eta Alpino Uzturrekoek emaitza oso onak lortu dituzte.
Larunbatean Esprint Txapelketa egin zen, eta bertan kilometro bateko proban lehiatu ziren eskiatzaileak. Alpino Uzturrekoek ondorengo emaitzak lortu zituzten: absolutu emakumezkoetan, Magali Lekue hirugarren izan zen; absolutu gizonezkoetan Hodei Juaristi bigarren izan zen; 16 urtez azpiko nesketan, June Aranburu lehenengoa izan zen eta Inge Arin bigarren; 14 urtez azpiko nesketan, Libe Curras izan zen irabazlea; eta 14 urtez azpiko mutiletan, Iker Aranburu bigarren izan zen.
Distantzia Txapelketa igandean egin zen, eta aurreko eguneko emaitza asko errepikatu egin ziren: absolutu emakumezkoetan, hirugarren izan zen Magali Lekue; absolutu gizonezkoetan, Hodei Juaristi ere hirugarrena izan zen; 16 urtez azpiko nesketan, June Aranburu lehenengoa izan zen; 14 urtez azpiko nesketan, Libe Curras lehenengoa izan zen, eta baita Iker Aranburu ere, 14 urtez azpiko mutiletan.
ROJO, SENTSAZIO ONEKIN
Bestalde, asteburuan Imanol Rojo tolosarrak Falunen (Suedia) Munduko Kopako bigarren lasterketetan parte hartu du. Larunbatean, 10 kilometroko proba egin zuen klasiko eran, 67. postua lortuz, eta igandean 20 kilometroko proba egin zuen, 56. postuan iritsiz. Sentsazioak eta osatze prozesua hobeak izan dira eta Sjusjoenen (Lillehammer, Norvegia) egindako prestakuntza oso egokia izan da.