Maier Olano, «oso gustura» Jaengo Klasikoarekin

Ataria 2025eko otsailaren 20a

Maier Olano, ezkerrean, asfaltatu gabeko zatietako batean Jaengo Klasikoan. RFEC

Maier Olano txirrindulari tolosarrak hamabigarren bukatu du asteburuan jokatutako Jaengo Klasikoan.

Junior mailako Nazioen Koparen lehen proba izan da, eta Espainiako selekzioarekin parte hartu du ZU-K Limousin taldeko txirrindulariak. «Niretzako postu oso ona izan da, sentsazio oso onak izan dira eta taldearen lana ona izan zen, eta gustura egindakoarekin», esan du Olanok.

Txirrindulari tolosarrak azaldu duenez, «bagenekien lasterketa oso gogorra izango zela. Zirkuitua begiratzen egon nintzen lehenago eta ikusten zen aldapatxo asko zituela, gogortasun asko izango zuen karrera izango zela, eta sterrato edo asfaltatu gabeko zati horiekin dena hautsiko zela».

Eta horrela izan zen. Karreran nahiko lasai joan ziren, tropelean mantenduz. «Espainiako selekzioko kide batek erasoa jo zuen eta besteak tropela mantenduz ederki joan ginen», esan du Olanok. Sterrato zatietara sartu zirenean dena hausten hasi zen. «Nire aldetik, lehenengo taldetxoan sartu nintzen, baina ez aurre-aurrean kokatuta, eta azkenean bigarrengoan geratu nintzen. Nahiko sentsazio onak izan nituen eta aurrera joaten ahalegindu nintzen».

Momentu batean lehenengo taldea harrapatzear egon ziren, baina azkenean ezin izan zuten lortu eta bigarrengo taldetxoan iritsi eta hamabigarren postua lortu zuen txirrindulari tolosarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!