Neguko arropa eta mozorroak jasoko dituzte

Ataria 2025eko otsailaren 20a

Kontseilu Sozialistako kideak, iragan ostiralean, bilketa egiten.

Kontseilu Sozialistak postuak jarriko ditu Amarotz eta Izaskun auzoan; beharra duten herritarrei banatuko diete jasotakoa.

Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak Pobretzearen aurrean elkartasuna saretzen lelopean, beharra duten familiei eta norbanakoei laguntzeko ekimena du martxan: Elkartasun biltegia. Hain justu, abenduan hasi ziren ekimenarekin, eta azaldu dutenez, pasa den astean eskualdeko hainbat supermerkatutan (Tolosako bi Eroskitan eta Ibarrako Coviranen) oinarrizko produktuak biltzen aritu ziren.

Bihar, hilaren 21ean, jarraipena emango diote biltegiari. Amarotz eta Izaskun auzoetan postu bana jarriko dute, eta neguko arropa eta oinetakoak nahiz mantak jasoko dituzte. Horrez gain, Tolosako inauteriei begira, mozorroak eta txilabak ere jaso asmo dute. 

Amarotz auzoaren kasuan, auzoko estalpean jarriko dute postua, eta Izaskun auzoan, Sputniketako futbol zelaian. 17:00etatik 20:00etara izango dira bi auzoetan. Kontseilu Sozialistatik esan dutenez, martxan duten proiektuaren bitartez, «geroz eta orokortuagoa den pobretzearen aurrean», elkartasuna saretzearen beharra nabarmendu nahi dute. Biharko bilketan jasotakoa bharrean dauden familien eta norbanakoen artean banatuko dutela adierazi dute Kontseilu Sozialistatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!