Tolosako Udalak, herriko kale-argiteriaren neurketak egingo ditu martxoaren 10etik aurrera, 20:00etatik 23:00etarako tartean. Egun horietan, neurketa mota hauek egiteko espresuki hornitutako ibilgailu batek herriko errepide, espaloi eta bidegorriak zeharkatuko ditu auzoz auzo neurketak egiteko. Errepidetik 50 km zeharkatuko ditu autoak eta oinezkoen bidetik, aldiz, 17 km.
Udalak azaldu duenez, 4/2019 Jasangarritasun Legean aurreikusten den kale-argiteriaren auditoretza egiteko «beharrezkoak» dira neurketa hauek. «Hainbat helbururi erantzuten die. Batetik, kale argiteriaren inguruan dauden beharrak aztertzeko datu zehatzak izatea, etorkizuneko argiteria berritzeko inbertsioak nora bideratu erabaki ahal izateko. Bestalde, Tolosako zebra-bideen argiztapen-maila eta segurtasuna aztertzea da beste helburuetako bat; horrela, puntu ilunak identifikatu, eta esku-hartzea behar duten eremuak zehaztuko dira».
Azkenik, herritarrekin Tolosako argiztapenaren planoa partekatzea izango da udalaren beste helburuetako bat. «Izan ere, tolosarrak herriaren egoeraren jabe izatea ahalbidetu nahi dugu, haien iritzi eta ekarpenak jasotzeko. Neurketak, beti ere, soilik baldintza klimatologiko egokiek ahalbidetuta egin ahal izango ditugu; euria edo behe-lainoa bada, neurketak atzeratu egingo ditugu».
Bestelako interbentzioak
Udalak, neurketa abian jartzeaz gain, zenbait interbentzio egiten ari da, hainbat puntu ilunen argiztapena hobetzeko. Bestetik, hobekuntza-lanak egitea aurreikusten dute herriko zazpi puntutan:
- Paper kaleko kantxaren argiztapena.
- Iurramendi kalean, Ikastolako biribilgunetik Paper kalera doan biribilgunera, oinezko bidearen argiztapena indartzeko gaur egun dauden faroletan jartzeko luminariak erosi dituzte.
- Iurramendi pasealekuan, ibai-ertzetik igarotzen den bidegorriaren eremua.
- Zerkausian gauez pizten den argiztapena luminaria berriengatik ordezkatuko dute. Aurrerago, beste lerroak berritzea aztertuko da.
- Zerkausian, ibai aldetik ikusten den fatxadan dauden argiteria apaingarrietako batzuen ordez, kolore-kontrola dutenak jarriko dira. Horiek ondo funtzionatzen badute, falta diren luminariak ere ordezkatuko dira.
- Trinkete plazara ematen duten hiru pasabideetan argiztapena indartuko da, luminaria berriekin. Leku horietan erabiliko den materiala egokia dela ikusten bada, etorkizunean, Tolosako beste zenbait pasabidetako argiztapena material berarekin hobetzea aztertuko da.
- Emeterio Arrese parkearen argiztapena indartzeko azterketa eskatuta dago, emaitza jasotzeko zain, inbertsioa egin aurretik.
Luminarien %90 LED teknologiakoa
Udalerrian 3.700 argi-puntutik gora daude Tolosan, eta horien potentzia kontratatua 350 kW-etik gorakoa da. Orotara, 725.000 metro karratutik gora argiztatzen ditu udalak, errepide, oinezko bide, bidegorri eta beste hainbat eremu kontuan izanda. 2024. urtean, orduko 695.154 kW kontsumitu ziren, 184.891 euroko gastuarekin. Udalak LED teknologia duten luminariak sustatu ditu, eta dagoeneko %90 baino gehiagok du teknologia hori.