Amaitu berri den Valentziako Setmana Ciclista itzulian izan da Eukene Larrarte (Tolosa, 1998) errepideko bere talde berriarekin, Massi Baix Ter. Aurretik, pistan, Espainiako Txapelketa irabazi zuen omnium proban.
Zer moduz joan da Valentziako proba?
Oso ondo. Maila handiko itzulia da, izugarrizko maila egon da. Eta nahiz eta lehen mailako kategoriako ez izan, ia World Tour talde guztiak zeuden, eta izugarrizko mailan gainera. Taldearentzat pixka bat zaila izan da, talde ez profesional bakarra zelako, eta gure lehen lasterketa zelako. Ikuspegi hori kontuan hartuta, sufritu dugu baina ni pozik nago nire errendimenduarekin.
Errepiderako Massi Baix Ter izeneko taldean zaude. Berez ez da talde profesionala, ezta?
Talde nazionala da; UCIk ondo banatu ditu profesionala eta ez profesionalak diren taldeak, baina nahiz eta talde nazionala izan, hau da, amateur mailakoa izan, oraindik gonbidapen bidez Valentziako Setmanan korritzeko aukera izan dugu. Munduko onenekin korritzen dugu, baina amateur izanik. Oraindik nahaste bat sortzen da.
Nongoa da taldea eta nolatan zaude bertan?
Taldea Gironakoa da. Urte batzuk daramatza tropelean. Duela urte batzuk izan nuen kontaktua talde honekin, bertara joateko esan zidatelako, baina orduan Bizkaia-Durango taldean nengoen, gustura nengoen, eta ez nuen aldatu nahi izan. Aurreko urtean etorri zitzaizkidan taldeko kide izateko eskaintzera, eta aukera polita bezala hartu nuen, urte osoa neramalako errepidean ibili gabe, eta errepidea berriro gogoz hartzeko nengoelako.
Talde amateur bat da, baina orain egonaldi bat egiten ari zarete Katalunian taldearekin. Beraz, bere baliabideak ere izango ditu.
Bai, baina egia da askoz murritzagoak direla. Valentziako proban ikusi da talde guztiek autobusa zeukatela, eta guk bi furgoneta eta kotxe bat geneukala. Eta hori errendimenduaren inguruko gauza guztiekin gertatzen da: egonaldiak gutxiago izaten ditugu, ahal duguna dagoen aurrekontuarekin. Aste honetako egonaldia batez ere da markekin eta babesleekin hemen Gironan egoteko, aurretik ezin izan dugulako egin. Taldekide bakoitzaren dedikazioari dagokionez ere, denetatik dago. Nik orain justu ikasketak bukatu ditut, eta lehen aldia da honetara nagoena, baina taldean askok ikasi egiten dute eta ez dute egun oso bat entrenamenduetara dedikatzeko. Azkenean zure aurkariak horretara daude, eta beraien lana da.
Zure kasuan, beraz, denboraldi honetan txirrindularitzara dedikatuta zaude.
Bai, lan aldetik beste gauza pare batekin banabil, baina egia da kirol mailan lehen aldiz ahal dudala honetara dedikatu, ez didalako beste ezerk denbora kentzen entrenamendurako. Profesional ez profesionala naiz.
Soldata izatea beste kontu bat da.
Azkenean pistatik Basque Teametik soldata bat daukat, baina taldean ez dugu nominarik ezta kontraturik, eta epe motzera edo ertainera begira, nire helburua kontratu profesional bat izatea da.
Pistari dagokionez, Espainiako Txapelketa irabazi berri duzu omniumean eta bigarren izan zara madison proban. Nola bizitu zenuen txapelketa?
Testuingurua ez zen erraza izan. Europako Txapelketa egun gutxi beranduago zen, eta selekzioa dagoeneko eginda zegoen, eta ni kanpoan nengoen, hautatzaileak ez ninduelako aintzat hartu. Ez ninduen harritu. Azaroaz geroztik nire planifikazioa eginda nuen. Valentziako itzuliarekin bat egiten zuen Europako Txapelketak eta nik aurreikusita nuen errepidera gehiago bideratuko nintzela aurten. Gainera, banekien hautatzaileak zer egingo zuen.
Espainiako Txapelketaren inguruan presio moduko bat sortu zen, ni ez hautatzea hizketagai izan zelako. Baina lortu nuen hori alde batera uztea. Espainiako Txapelketa nire planifikazioaren barruan nuen, eta asko disfrutatu nuen. Sentsazio onak izan nituen eta irabaztea lortu nuen, besterik gabe.
Beraz, Europako Txapelketara joan direnak zure atzetik geratu ziren?
Bai, hala da. Argi eta garbi hitz eginda, hemen kontua da aurreko urteko apirilera joan behar dela. Olinpiar Jokoetara joateko azkeneko Munduko Kopa izan zen Kanadan, eta bertan erabakitzen zen Olinpiar Jokoetan izango nintzen ala ez, eta azkenean kanpoan geratu nintzen. Ordutik hautatzaileak edo Espainiako Federazioak ez zuen nirekin kontakturik izan. Ez udara guztian ere; Munduko Txapelketa izan zen, eta ez zidaten deitu. Une horretan ez nengoen behar bezain indartsu hitz egiteko edo aurre egiteko egoerari, oraindik Olinpiar Jokoen eragin moduko hori banuelako eta eroriko bat ere izan nuen udaran.
Gero abenduan egonaldi bat antolatu zuten eta ez ninduten deitu, baina nik Portugalen bi nazioarteko probatan korritu nuen eta irabazi egin nuen. Nik nire mailan jarraitzen nuen, eta gero Europako Txapelketako deialdia atera zenean, ez zidaten deitu, eta ez nintzen harritu. Espainiako Txapelketa eta gero, Europako Txapelketara joan aurreko egunean deitu zidaten joateko, eta nik ezezkoa esan nuen. Laburbilduz, kirolez at dagoen zerbait dago hautatzailearekin, eta ez dut gehiago esan nahi. Ez da kirol irizpide objektibo batengatik kanpoan utzi ninduela; azkenean nire esku ez dauden gauzak dira, eta oso pozik nago errepidearen bidea hartu dudalako.
Pistako denboraldia amaitu da?
Urte guztian zehar egiten da. Nire aldetik, nire pistako taldearekin, Gipuzkoarekin, jarraituko dut nazioarteko lehiaketak egiten. Munduko Kopa bakarra dago aurten eta ez dago nire planetan Espainiako selekzioarekin joatea. Errepidean nahiko egutegi potoloa daukat, eta tartea badut pistako lasterketaren bat egingo dut taldearekin, eta gero urrian Munduko Txapelketa izango da. Hauteskundeak izango dira, eta hautatzaile aldaketa egon daiteke, baina ikusiko dugu. Orain ez nago horretan; niri pista gustatzen naiz, eta erakutsi dut Europako Txapelketara joateko helbururik gabe ere nazioartean lehiatzen jarraitzen dudala. Espainiako selekzioak ateak ixten badizkit ere, nik ez diot pistari ateak inoiz itxiko.
Olinpiar Jokoetara ez sailkatzeak zer eragin izan zuen ondoren?
Mamu batzuk etortzen zaizkit oraindik pistara itzultzen naizenean. Prozesu batetik pasatzen ari naiz, eta nire taldearekin eta nire entrenatzailearekin saiatzen ari gara berriro nire korritzeko modu hori eta lasterketei aurre egiteko modu hori berreskuratzen, beldurrak-eta atzean utzita. Azken urtetan asko ibili naiz neurtzen, jokoetarako puntu hauek eta besteak begiratzen, taktikoki eta estrategikoki... Suelto ez naiz ibili, eta puntu batean ahaztu egiten zara nola korritzen duzun, askatasunez eta disfrutatuz. Horri buelta emateko asmoz egin dut pista berriro, disfrutatzeko asmo horrekin. Espainiako selekzioa niretzako nahiko ingurune kutsagarria da, eta taldearekin pozik nago. Aurten berriro sentsazio onak izatea lortu dut, baina aldi berean proba jakin batzuetan mamu horiek etorri dira. Bietakoak izan ditut, baina edozeinek uste baino lehenago berreskuratu nuen animoa. Ez dakit Olinpiar Jokoak niretzako handiegiak ziren edo benetan ez ziren nire helburua izan, edo jarritako helburu bat izan zen edo nik jarritakoa. Ez zen nire momentua eta ez dut inongo damurik, eta harro nago egindako lanarekin.
Errepideari dagokionez, zer helburu dituzu?
Momentu honetan helburuak epe motzera jartzen ditut. Nire lehenengo helburua zen Valentziako Setmana egitea, lehenengo kontaktua izan berriro nazioarteko tropelarekin errepidean, ia bi urte eta gero. Hori lortu dugu, eta helburua zen ikustea non nengoen. Entrenamenduetan salto on bat eman dudala ikusten dut, baina tropelak beste bi salto eman ditu. Orduan, ikusi, neurtu ea non nagoen, eta hortik aurrera entrenamenduak zehaztu. Orain nahiko itzuli politak ditugu; adibidez, Extremadurako Itzulia hor dago, eta ez da World Tour mailakoa izango. Astez aste noa, eta etorriko da etorriko beharrekoa.