Tolosako hiltegiko langileek hurrengo astelehenetik, otsailaren 24tik, aurrera grebara jotzera deitu dute. ENBA sindikatutik esan dutenez, azken bi hilabeteetan ez dute soldatarik jaso. Sindikatua «kezkatuta» azaldu da hiltegiaren egoera «larriagatik» eta greba deialdiagatik, «horrek eskualdeko abeltzainengan izan dezakeen ondorioengatik». ELA sindikatuak bere aldetik, gogoratu du zerbitzu publikoa dela, nahiz eta enpresa kudeatzailea -Andustrias Cárnicas del Oria- pribatua izan, eta ELAk ere erantzukizunak eskatu dizkio Tolosaldeko Mankomunitateari.
Nekazaritza sindikatuak azaldu du Tolosako hiltegiak «zor handia» pilatu duela Tolosaldeko Mankomunitatearekin eta Tolosako Udalarekin, «eraikinagatik ordaindu beharreko kanona eta alokairua urteetan ordaindu ez dutelako». Gainera, egoera horretan jarraitzen utzi zaiola dio ENBAk.
Sindikatuak argi du hiltegiaren egungo egoeraren «ardura nagusia» hiltegia kudeatzen duen Incarosa enpresarena dela, eta bereziki, azken urteetan izan duen «jarrera maltzurra». «Enpresako jabeak azken bi urteetan enpresa ahultzen joan dira, bai giza baliabidez, langileak gutxituz eta zuzendaritzarik gabe, bai eta beste baliabideez ere, kamioiak kenduz, ondorioz, okelaren banaketa nabarmen okertuz».
Sindikatuak Tolosaldeko Mankomunitatearen «bere ardurapeko zerbitzuarekiko urruntasuna eta kontrol eza» ere nabarmendu ditu, «bestela, ezinezkoa baita, egungo egoerara iristea».
ENBAk esan du mankomunitateko lehendakariarekin bildu dela, «bere iritzia ezagutzeko». «Azken hilabeteetan, egoera larriki okertu denez, saiakera batzuk lantzen aritu badira ere, badirudi, oraingoan, greba deialdiaz jabeturik, luzerako proposamenak alboratu eta datozen egun-asteetan langileen soldatak ordaintzeko irtenbidea lantzen ari direla». Sindikatuaren arabera, irtenbide horrek, txosten juridikoaz gain, mankomunitatea osatzen duten udalen babesa beharko du.
Nekazaritza sindikatuak alde guztien aldetik erreakzio azkarra eskatu du, «gaur egungo egoera larriari irtenbideren bat bilatzeko». Horrekin batera, argi utzi du, Tolosako hiltegiaren etorkizun planteamenduak egiterakoan, zerbitzua «bertako abeltzainen beharretara» dimentsionatu behar dela, «eta ez, kanpoko handizkarien animaliak hil eta gure merkatuan, gure jeneroari konpetentzia egiteko azpiegitura diseinatuz».