Hiribuseko langileek hitzartutakoa betetzeko eskatu diote Cuadra Bus enpresari

Ataria 2025eko otsailaren 17a

Bihar elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan, Tolosako Trianguloa plazan.

LAB sindikatuak adierazi duenez, Autocares Cuadra enpresak 2018an Tolosako Hiribusa kudeatzeko irabazi zuen esleipena hasi zenetik, langileen lan-baldintzak «eskasak» izan dira. Sindikatuaren esanetan, aurreko esleipeneko langileek egin zuten grebaren ondoren Tolosako Udalak eta enpresak hitzartutakoa ez da bete hasieratik. «Autobusak kalean aparkatuta egon ziren lehen lau urteetan, horrek dakarren guztiarekin; aldagelarik eta komunik gabe; autobusak garbi edukitzeko baliabiderik gabe; lanpostura lehenago joan behar izaten zuten dena ondo zegoela egiaztatzeko eta lanaldia autobusarekin behar bezala hasi ahal izateko», azaldu dute.

Horrez gainera, sindikatuak gaineratu du ez zirela hitzarmen horretan adostutako akordio ekonomikoak bete: «Oinarrizko soldata adostutakoa baino % 8 txikiagoa izatera heltzen zen, gehiegizko lanaldiak, atseden-denborak ez errespetatzea, bizitza pertsonala eta familiarra ezin bateratzea eta enpresarekin elkar ezin ulertzea, besteak beste». Sindikatuak adierazi du, horrek guztiak «antolatzera eta borrokatzera» eraman zituela langileak. Hain justu, arrazoi horregatik, hau da, «enpresak egindako ez-betetze guztien berri ematera langile batek sindikatura jo zuelako» kaleratua izan zela salatu du LABek.

Bada, Hiribuseko langileek hitzartutakoa betetzeko eskatuko diote CuadraBus enpresari, bihar, 12:00etan, Trianguloa plazan egingo duten elkarretaratzean. Bertan parte hartzeko deia egiten die Hiribuseko erabiltzaileei eta Tolosako herritarrei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!