Hegaztien habi-kutxak kokatzeko Iurreamendi baratze parkean ibilaldia egin dute goizean Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek, eta eguraldia lagun izan dute. Biodibertsitatea sustatzeko helburuarekin antolatu du elkarteak egitasmoa, Tolosako Udalak finantzatuta. Honela, guztira, hegaztien 30 habi-kutxa kokatuko dituzte Tolosako hiru parketan.
Atzo abiatu zuten egitasmoa, hain zuzen, eta Elosegi parkean kokatu zituzten hegaztien lehen hamar habi-kutxak. Gaur, berriz, Iurreamendi baratze parkean kokatu dituzte beste hamarrak, hainbat herritarren laguntzarekin. Maite Laso Aranzadi Zientzia elkarteko ornitologia saileko arduradunak azaldu duenez, «habi-kutxa egurrezko estruktura bat da eta hegaztiak habia bertan jarri dezaten erabiltzen da. Hegaztiek ez dituzte leku naturalak habiak egiteko, eta horregatik, kutxa hauek jartzen dira beraiek habia bertan egiteko eta ugaltzeko».
Aranzadi Zientzia Elkartea, Hirilife eta Txoribox izeneko proiektuen bueltan ari da burutzen egitasmoa, eta orain arte egindako bi ibilaldien «balorazio positiboa» egin du ornitologoak. «Orain arte familia ugari animatu dira ibilaldiak egitera; umeen artean interes handia dago hegaztien inguruan, eta horrelako tailerrak, gainera, helduentzako baliagarriak izaten dira, biodibertsitatea eta aldaketa klimatikoa bezalako gaien garrantzia ulertzen laguntzen dutelako, bestek beste».
AZKEN IBILALDIA
Martxoaren 9an, igandean, egingo dute hurrengo ibilaldia. Zumardi Handiko sarreran izango da, 11:00etatik 12:00etara, eta bertan kokatuko dituzte hegaztien azken hamar habi-kutxak. Ibilaldia doakoa izango da, baina aurretik eman beharko da izena, tailerrak edukiera mugatua baitu. Interesa duten herritarrek oraindik izango dute horretarako aukera, eta 943 466 142 telefonora deituz edo Bibe.me webgunearen bitartez.