Inauteri doinuak, igandean, Iurreamendi egoitzan

Ataria 2025eko otsailaren 13a

Tolosako Udal Txistulari Bandak eta Udal Musika Bandak urteroko kontzertua egingo dute; 11:30ean izango da, egoitzako kaperan.

Urtero bezala, Inauterietako Pregoi Kontzertuaren aurreko igandean, Tolosako Udal Txistulari Bandak eta Udal Musika Bandak kontzertua egingo dute Tolosako Iurreamendi egoitzan. Igande honetan izango da, otsailak 16, 11:30ean hasita. Aurten, gainera, beste urteetan ez bezala, egoitzako kaperan joko dute.

Txistulariek doinu herrikoiak eta inauterietako hiru abestirekin osatutako popurri bat joko dute. Bandak, berriz, Pregoi Kontzertuan entzun ohi diren kantuetako batzuk eta tolosako txaranga eta elkarteen abestiak uztartuko ditu. «Inauteriak ate joka ditugunez, hainbeste maite ditugun herriko festetako doinuak joko ditugu, bertako egoiliarrek, hauen senide edota zaintzaileek, eta egoitzako langileek, inauterietako musikaz goza dezaten», adierazi dute bandako kideek. 

Kontzertu honen ondoren, inauterien txanda helduko da, eta urtero bezala, aipatutako Pregoi Kontzertuan, Helduen Danborradan eta Dianan parte hartuko du bandak.

Kontzertua iragartzeko kartela:

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!