Urtea bete da gaur Xuhar Pazos billabonatarra larri zauritu zutela ertzainek Tolosako inauterietan, Soldadu kalean. Foam pilota batek jo zuen begian eta ez du ikusmen osoa berreskuratu; medikutan segitzen du. Ertzaintzaren jokabidea salatzeko eta billabonatarrari babesa agertzeko bihar elkarretaratzea deitu duXuhar herri plataformak Tolosako Soldadu kalean, 19:00etan. Biolentzia polizialik ez leloa eramango du protesta ekitaldiak.
«Urtebete pasa da dagoeneko eta hemen ez da ezer aldatu», salatu dute plataformako kideek. Joan den azaro bukaeran erabaki zuen epaileak Xuharren auzia artxibatzea eta haserrea eragin zuen horrek gaztearen ingurukoengan: «Kaxoian gorde dute kasua ertzainek esku-hartzea behar bezala egin zutela iritzita. Ez dute aintzat hartu gerritik gora jotako pilotakada izan zela eta ezikusiarena egin diote mediku forentsearen azken informeari. Kasua itxi dute Xuharren beraren deklarazioa kontuan hartu gabe». Beraz, defentsak artxibatzearen aurkako helegitea jarri du auzitegi probintzialean eta erantzunaren zain daude une honetan.
Gaztearen auziak izango dituen kostuei zein osatze gastuei aurre egiteko, elkartasun jaialdia antolatu zuen Xuhar herri plataformak abenduaren 13an Villabonan. 11 taldek hartu zuten parte Erreboteko plazan muntatutako agertokian eta ekitaldi jendetsua izan zen.
Elkartasun jaialdian ateratako argazkiekin Zu izan zintezke erakusketa zabaldu zuten abendu bukaeran Villabonako Iratzar tabernan. Bihar, erakusketa hori bera Tolosara ekarriko dute eta, behin Soldadu kaleko elkarretaratzea amaituta, Amaiur tabernan jarriko dute ikusgai. Plataformatik dei egin diete herritarrei kontzentraziora gerturatu eta erakusketa bisitatzera joan daitezen.
ELKARTASUN EKIMENAK
Urtebetean elkartasun jaialdiarekin batera beste hainbat ekimen antolatu ditu herri plataformak gaztearekin gertatutakoa salatzeko. Iazko martxoaren 16an, adibidez, eserialdia egin zuten Tolosako Soldadu kalean, hilabete lehenago gertakariak izan ziren tokian bertan. Gainera, Arkada Social taldearen zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izan zuten eserialdian parte hartu zutenek. Zapiak eta kamisetak ere jarri dituzte salgai hilabeteotan.
Xuharri begian «kalte atzeraezinak» egin zizkiotela salatu eta gazteari elkartasuna adierazteko Badagaraiagauzakaldatzeko leloa erabili dute denbora honetan guztian eta, bihar ere, esaldi bera errepikatuko dute 19:00etatik aurrera Tolosako Soldadu kalean egingo duten elkarretaratzean, billabonatarrak begian pilotakada jaso eta urtebetera.