Taldekako sailkapenean Gipuzkoako bigarren eta Euskal Herriko hirugarren

Ataria 2025eko otsailaren 12a

Azken bi asteburuetan Tolosaldea IKTko igerilariek neguko denboraldiko lehen txapelketa garrantzitsuak izan dituzte.

Otsailaren 1ean eta 2an Gipuzkoako Txapelketa egin zen Bergaran, eta bertan infantil, junior eta absolutu kategoriak lehiatu ziren. Tolosaldea klubeko 32 igerilari izan ziren txapelketan.

Klubetik azaldu dutenez, «orokorrean maila txukuna erakutsi zuten igerilariek, askok bere hobekuntzan salto bat eman zuten eta astean zehar entrenamenduetan egiten duten lana azaleratu zen». Emaitza horien ondorioz, Tolosaldea IKT Gipuzkoako txapeldunorde gelditu zen taldekako sailkapen bateratuan.

Igerilarien sailkapenari dagokionez, Unai Zubeldia Gipuzkoako txapeldun izan zen maila absolutuan, maila bikaina erakutsiz. Malen Zubeldiak ere podiuma zapaldu zuen: bigarren izan zen junior kategorian eta hirugarren maila absolutuan.

Azken asteburuan zehar Euskal Herriko txapelketa egin zen Iruñean eta bertan junior eta absolutu kategoriako igerilariak izan ziren. Tolosaldea IKTko 22 igerilari lehiatu dira txapelketan eta maila onean igeri egin dute, askok beraien neguko denboraldiari amaiera dotorea emanez.

Gainera, taldekako sailkapen bateratuan Tolosaldeak hirugarren postua lortu zuen junior kategorian eta baita kategoria absolutuan ere, Gasteizko Judizmendi eta Menditxo taldeen ondoren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!