Gorriti plaza birgaitzea, aurtengo erronka nagusia

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko otsailaren 12a

Udal gobernuak aurten esleitu eta abiatu nahi du eremua birgaitzeko obra; lanak gauzatzeko eta obra zuzendaritzarako 850.000 euro bideratuko dituzte.

Tolosako udalbatzak 2024ko abenduko osoko bilkuran onartu zuen 2025eko aurrekontua, udal gobernuaren aldeko botoekin; oposizioak aurka bozkatu zuen. Biotxa Agirre EAJko zinegotziak adierazi zuen alderdi jeltzaleak egindako eskaerak, «errealistak, lehentasunezkoak eta zentzuzkoak» zirela, baina udal gobernuak «ez zituela aintzat hartu». Dena den, gehiengoz onartu zuten erabakia, eta aurten, 39,2 milioi euroko aurrekontua izango du Tolosak, iazkoa baino %2,5 handiagoa. Udal gobernuak adierazi duenez, «herritarren beharrei erantzuteko eta, era berean, herriko garapenean aurrerapausoak emateko» aurrekontua da.

Sarreren zati handiena, transferentzia arruntek edo erakundeen diru laguntzek osatzen dute, nagusiki, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Foru Funtsak 17,9 milioi euro. Guztira, 19,2 milioi euro jasoko ditu udalak, diru sarreren %49. Gainerakoan, zuzeneko eta zeharkako zergetatik 6,9 milioi euro, sarreren %18 eta tasetatik eta prezio publikoetatik 6,6 milioi euro, sarreren %17 jasotzen du udalak diru kopuru handiena.

Udalak azaldu duenez, tasen eta prezio publikoetan, hondakinen kudeaketan izan da igoera handiena, legeak hala behartuta: «Zerbitzuaren kostu osoa tasaren bidez estaltzea eskatzen du; orain arte, defizitarioa izan da». Beste igoera bat ere izan da atal horretan. Kiroldegiko kontratua emakida izatetik zerbitzu-kontratua izatera igaro denez, udalak kobratuko ditu kuotak.

Gastuei dagokienez, 15,9 milioi euro %41 bideratuko ditu udalak oinarrizko zerbitzuetara. Aurten %9,28 igo da, 1,3 milioi euro, zenbait kontratutan txertatu diren hobekuntzak direla eta. Udaleko giza baliabideena edo pertsonal gastuena da bigarren zati nagusiena 12,6 milioi euro, %32. Bi postu sortu berri dituzte, etxebizitza teknikariarena eta komunikazio teknikariarena, azken honek gastu gehigarria izan gabe. Denbora tarte baterako beste sei postu hornituko ditu udalak, eta Lehen Aukera programaren bidez, zazpi gazte urtebetez kontratatzeko diru kopurua txertatu da.

Ondorengoak dira udalak aurten egingo dituen gastu esanguratsuenak: kaleen eta eraikinen garbiketan, 2,4 milioi euro; hondakinen bilketa eta kudeaketan, 2,3 milioi euro; kirol instalazioetan, 1,9 milioi euro; etxez etxeko laguntza zerbitzuan, 1,5 milioi euro; elkarteetako diru laguntzetan, 1,4 milioi euro; energian eta horniduretan, 1,4 milioi euro; eta jarduera soziokulturaletan, 1,1 milioi euro.

Inbertsio nagusiak

Inbertsioetarako, berriz, 4,8 milioi euro aurreikusi ditu udalak, gastu totalaren %12. Gorriti plaza birgaitzea izango da 2025eko erronka nagusiena. Obrak aurten esleitu eta abiatzea da udal gobernuaren helburua, eta lanak gauzatzeko eta obra zuzendaritzarako 850.000 euro bideratuko dituzte. Usabal kiroldegiko instalazio termikoa ere berrituko du udalak, «egoera kaskarrean dagoelako». 1,9 milioi euroko kostua du, baina adierazi dutenez, milioi euroko inbertsioa egingo du udalak, Next funtsetatik 867.000 euroko diru laguntza lortu duelako.

Gainerakoan, herriko asfaltatze lanetarako, 500.000 euroko aurrekontua izango du udalak; Alde Zaharreko Plan Integraleko bigarren faseko ekintza plana egiteko, 60.000 euroko partida txertatu dute; Ikasgela txukundu eta atontzeko, 102.000 euro gorde dituzte; LED argiteria berritzeko 60.000 euro Samaniego ikastetxean ere jartzeko 192.000 euro bideratuko dira; eta Tolosa-Ibarra lotuneko urbanizazio obrarako 40.000 euro.

Bestelako proiektu batzuk ere lantzen ari da udala: Iurre 1-13 eta Araba etorbideko plazen eta Iurramendi pasealekuaren berrurbanizazioa, Arrameleko zubia eta biribilgunea, Trianguloa plazako lurra eta Arkaute etxeko mendizaletasunaren museoa. Aurrekontuan jasota ez badaude ere, horiek egiteko aukera dagoenean, kreditu aldaketak egitea da udalaren asmoa.

AuzoEkin

Halaber, herriko zortzi eremutan proiektu txikiak egitea aurreikusten du udalak, «auzoak modu integralago eta orekatuagoan garatzeko». Horretarako, AuzoEkin udal estrategia jarriko du martxan, partaidetza eta garapena bateratzeko. «Urrats garrantzitsua izango da», adierazi dute. «Trantsizio urtea» izango dela ere azaldu dute: «Ez da parte hartze bidezko aurrekontu prozesurik zabaldu. Horren ordez landu dugu estrategia hau, auzoek egindako eskariak eta aurreko urteko prozesuko proposamenak aintzat hartuta».

Lanketa «progresiboa» izango dela aurreratu dute, eta 2025ean, hiru eremutan egingo da: San Esteban, Izaskun eta landa eremuko auzoetan. «Horiei Alde Zaharra batuko zaie, paraleloan lantzen ari garelako Plan Integrala». 2026an eremu gehiagotara zabalduko da proiektua. Zona bakoitzak aurrekontu bat izango du urtero; zortzi eremuen artean 500.000 euro banatuko ditu udalak. Eremu bakoitzak 60.000 euroko kopuru finkoa izango du, eta gainerako 20.000 euroak beste aldagai aldakor batzuk aplikatuta banatuko dira guztien artean; aurten, biztanle kopuruaren arabera.

Eremu bakoitzerako lan bat

Estrategia honen barruan, eremu bakoitzerako lan bat sartu du udalak 2025eko aurrekontuan: San Blasen, ermitaren inguruko urbanizazio proiektuaren lehen fasea; Alde Zaharrean, berdeguneak jartzeko egitasmoa martxan jartzea; Kondeaneko aldaparen goialdean, zebra bidea egitea, segurtasuna hobetzeko; San Estebanen, berdegunea berritzea; Urkizun, haur parkeko altzariak berritzea; Izaskunen, autobus geltokietako markesinak jartzea; Iurren, supermerkatuaren atzealdean, ingurua urbanizatzeko proiektua idaztea; eta azkenik, Iurramendi kalean, bidegorriaren obra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!