Beotibar pilotalekuko sarea berritzen ari dira

Ataria 2025ko ots. 11a, 15:19

Beotibar frontoiaren barrualdea.

Sarea berritzearekin batera, sistema motorizatua jarriko dute, bere erabilera errazteko helburuarekin.

Beotibar pilotalekuko sarea berritzeko lanak hasi dituzte. Sarea berrituko dute, eta horrekin batera, sistema ere aldatuko dute.  Orain arte sarea eskuz jartzen zen. Albo batean pilatuta egoten zen eta tiraka zabaldu behar izaten zen. Bereziki zesta punta praktikatzean erabiltzen da, kantxa eta harmailak banatu, pilota gelditu eta ikusleak babesteko. Bada, orain sistema motorizatua jarriko dute, eta goitik beherakoa. Erabilera errazteaz gain, sarea gutxiago hondatzea da lanen helburu nagusia.

Tolosako Udaletik azaldu dutenez, Tolosako udal kirol instalazioen kudeaketarako aurreko emakida-kontratuan jasotako lana da sarearena, BPXport enpresak gauzatu beharrekoa, alegia. Urrian sartu zen indarrean zerbitzu-kontratu berria, eta ordutik Kirolzer S.L. enpresak kudeatzen ditu instalazioak. Bi inbertsio, ordea, gauzatzeke geratu ziren, eta BPXporti hilabeteko epea eman zitzaion egiteko. Epe horretan ez zituen gauzatu, baina inbertsioak egiteko konpromisoari eutsi zion, eta beranduago egiteko hitz eman zion udalari. 

Antzeko egoeran da tenis pistak konpontzeko lanen inbertsioa. Obra horiek egiteko eguraldi lehorragoa behar denez, beranduago egingo ditu BPXportek. Hori eginda, guztiz amaituta izango dira epealdi horretan gauzatzeke geratu ziren lan guztiak.
Bien bitartean, udalak ere egin ditu inbertsioak. Usabal kiroldegiko kantxetako saskibaloiko 16 saskietan erorketetatik babesteko segurtasun-sistemak jarri dituzte, besteak beste. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!