Asteburuan jokatu dira Tasio Greciano belodromoan (Galapagar, Espainia) omnium eta madisoneko Espainiako Txapelketal elite mailan. Eukene Larrarte tolosarrak omniumean laugarren aldiz lortu du irabaztea. Scratch modalitatean bosgarren izan ondoren, Tempo Race proba irabazi zuen eta bigarren izan zen kanporaketan. Azken proban, puntuazioan, ordurako Larrarte sailkapen buru zen eta bere abantaila kontrolatu zuen, beste 15 puntu gehituz eta lehiaketa bere menpe izan zuelarik une oro. Azkenean 125 puntu lortu zituen tolosarrak, bigarren Marga Lopez izan zen (119 puntu) eta hirugarren Isabel Ferreres (119 puntu).
Madison probari dagokionez, Larrarte Naya Mangasekin lehiatu zen, eta bigarren postua lortu zuten, 30 puntu pilatuz. Lehenengoak Anguela eta Escalera izan ziren, 36 punturekin, eta hirugarren Garau eta Lopez sailkatu ziren, 29 puntu eskuratuz. Puntu horiek berak lortu arren, Orgambide eta Sesma laugarren izan ziren.