Urtean zehar uretaratuko diren TAKeko arraunlariak aurkeztu dituzte

Leyre Carrasco 2025eko otsailaren 9a

Tolosaldea Arraun Klubak, gaur goizean egin du urteko aurkezpen ekitaldia; estropada egin dute Oria ibaian zehar, eta ondoren, Zerkausia gaineko terrazan bildu dira klubeko arraunlari guztiak, entrenatzaileekin, argazkiak ateratzeko.

Goizean aurkeztu dituzte urtean zehar uretaratuko diren TAKeko arraunlariak eta batelak. Denboraldia hasi berri den honetako balorazio «positiboa» egin du Manex Balerdi entrenatzaileak. «Taldeak aurten oso ondo ikusten ditut eta momentuz ondo gabiltza, oso goran, gure helburua hori baita; estropada txukunak egitea, lehen postuetan sailkatu ahal izateko», esan du.

Ohi moduan, aurkezpen estropadak egin dituzte Oria ibaian, eta ondoren, talde argazkiak egin dituzte Zerkausia gaineko terrazan, entrenatzaileekin batera. Infantil, kadete eta jubenil taldeak aukeztu dituzte, hain zuzen. Guztira, zortzi talde –infantil mailako hiru, kadete mailako lau eta jubenil mailako bat– eta 60 arraunlari –8 mutil eta 52 neska– izango dira aurtengo denboraldian.

Gizonezkoen parte hartze «eskasa» nabarmendu du entrenatzaileak, eta parte hartzeko deia egin nahi izan die: «Edozein zalantzaren aurrean gurekin kontaktuan jar daitezela». Aurkezpen ekitaldia amaituta, Mele melen egin dute bazkaria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!