Herritar ugarik egin dute bat Tolosako Asanblada Feministak egindako deialdiarekin. Irunen izandako azken erailketa matxista salatu dute eta gogoratu dute urte berri honetako bigarren hilketa matxista izan dela. «Tolosako Asanblada Feministatik gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu senide, lagun eta gertukoei. Ez zaudete bakarrik», esan dute. Indarkeria matxista lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatu dute, izan ere, «egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, bereziki gizonena, urtez urte, emakumeon aurkako erasoek ez dute etenik». «Oraingo honetan, semea izan da ama erail duena eta emakumeok emakume izateagatik erailtzen gaituzte eta errealitate gordin honi aurre egiteko urgentziazko mekanismoak behar ditugu hemen eta orain», gaineratu dute.
Autodefentsa feministarako deia egin dute, «gure bizitzetan, oro har, eta ate joka ditugun inauterietan, bereziki. Bai baitakigu festa-giroa askatasuna dela batzuentzat, eta arrisku-gune beste askorentzat». Ez direla isilduko eta salaketa uholde guztiak babestu eta salatuko dituztela esan dute, «salatzeko ezer geratzen ez den arte. Litsa eta beldurra aldez aldatzen hasi dira, eta feministok erantzuteko prest gaude. Denok aske izan arte, martxan jarraituko dugu. Gora borroka feminista».