Tolosako Udalak, 18 eta 35 urte bitarteko gazteentzako alokairura bideratutako 25 apartamentu ditu Euskal Herria plazako 1B eraikinean; une honetan, horietako 13 erabiltzailerik gabe daude. Bizitoki horien esleipena, zozketa bidez egingo dute, otsailaren 20an. Udaletxeko pleno aretoan egingo dute zozketa, 13:30ean hasiko den ekitaldian.
Aurrez, baina, izen emate batzuen dokumentazio osagarria aztertu eta alegazioak erantzun ondoren, udalak aste honetan argitaratu ditu gazteentzako bizitokien deialdian onartutakoen eta ez onartutakoen behin betiko zerrendak. Guztira, 88 gazte izan dira onartuak, eta horien artean egingo dute zozketa.
Sistema, baina, aldatu egingo da: udaleko Informatika Sailak garatu duen sistema informatiko baten bitartez egingo da zozketa. Giza parte hartzea ere izango du zozketak, unean bertan ateratako bola batek baldintzatuko baitu zozketako zerrendaren hurrenkera. Behin 13 etxebizitzak esleituta, gainerako 75 gazteekin itxaron-zerrenda osatuko dute.
Publikoari zabalduta izango da zozketa, eta beraz, interesa duen herritar orok bertaratu ahal izango du. Zuzenean ere emitituko du udalak, eta ondoren, zerrendak ikusgai egongo dira udalaren webgunean eta iragarki taulan.