Otsailaren 12ra arteko epea, inauterietan trafiko laguntzaile moduan aritzeko

Ataria 2025eko otsailaren 6a

Tolosako Udalak 12 trafiko laguntzaile kontratatuko ditu Zaldunita, Astelenita eta Asteartitarako; 16 urte beteta izatea, eskolan graduatua edo lehen mailako lanbide heziketa edukitzea eta euskara jakitea beharrezkoa izango da.

Azken urteetan egin izan den moduan, Tolosako Udalak 12 trafiko laguntzaile kontratatuko ditu inauterietarako, zehazki Zaldunita, Astelenita eta Asteartita egunetarako (martxoak 2, 3 eta 4). Udaltzaingoaren laguntzaile gisa jardungo dute, eta udalerriko zirkulazioa kontrolatu eta antolatuta mantentzen laguntzea izango da betebehar nagusia.

Bete beharreko baldintzak dira 16 urte beteta izatea eta eskolan graduatua, lehen mailako lanbide heziketa edo baliokideren bat edukitzea. Euskara jakitea ere beharrezkoa izango da.

Oinarri guztiak eta hautaketa prozesuan parte hartzeko eskaera orria, Tolosako Udalaren lan eskaintzen orrialdean daude eskuragarri. Interesdunek otsailaren 12a bitarte dute eskaera aurkezteko epea (13:00ak arte). Presentzialki Udaten egin ahal izango da. Aldiz, telematikoki egin nahi izanez gero, tramiteen ataleko erregistro orokorraren bidez aurkeztu beharko da eskaera orria beteta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!