Pla de Bereteko (Herrialde Katalanak) elur pistetan Alpino Uzturrekoek emaitza bikainak lortu dituzte asteburuan. Larunbatean, Espainiako Txapelketak izan ziren jokoan, esprint modalitatean eta estilo librean. Alpino Uzturreko eskiatzaileen artean emaitza aipagarrienak bi urrezko domina izan ziren, Hodei Juaristik 20 urtez azpikoan lortutakoa eta June Aranburuk 16 urtez azpikoan eskuratutakoa.
Igandean Marxa Beret entzutetsua egin zen, estilo klasikoan. Lau distantzia guztira: 5, 10, 18 eta 31 kilometrokoak. Elurra ostegun eta ostiralean bota zuen eta ezin izan zuten prestatu Montgarrirainoko ingurua eta 21 eta 42 kilometroko probak murriztu behar izan zituzten. 10 kilometroko proban, nesketan, lortu zuten Alpino Uzturrekoek podiumera igotzea: June Aranburuk (2009) lehenengo postua lortu zuen eta hirugarren Libe Curras (2011) izan zen. Proba guztiak kontuan hartuta, 700 partaide inguru izan ziren, eta horien artean Tolosaldeko asko.
ROJO, MUNDUKO KOPAN
Alpino Uzturre elkarteko Imanol Rojo tolosarra berriro ere lehiatzen hasi da, mononukleosia pasa ondoren. Basque Team taldearen bitartez bi azterketa mediku sakon egin ditu Rojok. Horietako bat urtarril hasieran, eta mononukleosi birusa pasa berri zuela-eta atseden hartu behar izan zuen. Urtarrilaren 22an beste azterketa bat egin zioten eta indarberritzen ari zela ikusi zuten.
Emaitza horiek ikusita, astebete entrenatzen aritu ondoren, igandean Cognen (Italia) Munduko Kopako 10 kilometroko proban parte hartu zuen, eta 64. postuan amaitu.