Azken hilabeteetan egokitzapen lanak egiten aritu dira Tolosako San Blas Garbigunean eta ondorioz, eskualdeko herritarrak Andoaingo garbigunea erabili behar izan dute. Lan horiek bukatuta Tolosaldeko Mankomunitateak jakinarazi du astelehenean irekiko dutela berriz ere Tolosako garbigunea, eta ondorioz, Andoaingoa ohiko ordutegira itzuliko dela. Garbigunea mankomunitateko kide diren udalerrietako herritarrek, merkatariek eta gremioek erabili ahal dute. Erabiltzaile bakoitzak astean bi metro kubiko edota 750 kilo hondakin eraman ahal ditu. Obra hondakinak uzteko obrako baimen agiria behar da.
San Blas Garbigunea astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etaera eta 15:00etatik 17:30era eta larunbatetan 09:00etatik 13:00etara egongo da zabalik.
Mankomunitateak gogoratu du ohiko bilketa zerbitzuetan jasotzen ez diren zenbait hondakin eraman daitezkeela garbigunera eta bertan gaika sailkatzen direla dagokion edukiontzian, ondoren baimendutako kudeatzaileen bitartez birziklatu edota balorizatu ahal izateko.
Bolumen handiko hondakinen bilketa Tolosan
Bestalde, Tolosako Udalak bolumen handiko hondakinen bilketa sistemaren nondik norakoak gogorarazi ditu. Asteartetan egiten da bilketa, eta aurrez eskaera egin behar izaten da. Bi modutara egin daiteke eskaera hori: 943 676 216 zenbakira deituz (08:30etik 14:30era), edo mankomunitatearen webgunearen bitartez (eskaria egin botoian klikatu, eta formularioa bete, dagokion bilketa puntua aukeratuta eta hondakin mota zehaztuta). Hondakinak aukeratutako egunean atera beharko dira, 20:00etatik 22:00etara. Etxeko tresna handiak (altzariak, koltxoiak, linea zuriko etxetresna elektrikoak –hozkailuak, ikuzgailuak, eta abar–) eta linea gris-marroiko etxetresna elektrikoak (telebistak, ordenagailuak, etab.) atera daitezke modu honetan. Obretako hondakinak (bainuontziak, hodi zatiak,…), gurpilak, paletak, kristalak, ispiluak eta objektu ebakitzaileak, berriz, zuzenean eraman behar dira Garbigunera.
Garbigunera eraman daitezkeen hondakinak
- Kimaketa eta lorezaintzako hondakinak: belarra, hostoak, adarrak (gehienez 15 zentimetroko diametrokoak).
- Etxebizitzetako obra txikietako obra hondakinak (uralita eta fibrozementuzko osagairik gabe)
- Sofak, koltxoiak, somierrak edo toldoak.
- Plastiko gogorra: fruta kaxak, loreontziak, jostailuak, pertsianak, hamakak eta antzekoak.
- Biltegietan erabiltzen den plastikoa.
- Egurra: egurrezko altzariak, ateak, leihoak, paletak, kutxak...
- Kartoia: kartoizko kutxa eta bilgarriak.
- Aulkiak, harraskak, iturriak, zartaginak...
- Aparatu elektriko eta elektroniko handiak: hozkailuak, garbigailuak, estufak, labeak...
- Aparatu elektriko eta elektroniko txikiak: xurgagailuak, plantxak, frijigailuak, irratiak, musika tresnak...
- Telebistak, monitoreak eta pantailak.
- Autoetako gurpilak.
- Etxeko hondakin bereziak: pinturak, motorreko olioak, pilak...