Zuhaitz Azoka egin berri dute Tolosan, eta otsailean ere zuhaitzen inguruko jarduera gehiago egingo dituzte. Gaur, esaterako, Biodibertsitate Guneko egitarauaren barruan, Ezagutu Tolosaldeko zuhaitz eta zuhaixka ohikoenak hitzaldiaren bigarren saioa izango da, 18:00etan bidaiarien txokoan.
Bestetik, lehen hezkuntzako ikasleentzat zuhaitz landaketak antolatzen dituzte urtero udalak eta Tolosako Ingurumen Zentroak. Hiru ikastetxeetako ikasleek txandaka egin ohi dute lan hori. Aurten Laskorain Ikastolako 5. mailako ikasleei egokitzen zaie, eta guztira 88 gaztetxok parte hartuko dute. Otsailaren 21ean egingo dute, Amarotz auzoko Baso Eskolako eremuan. Haritz amerikarrak eta pinuak dira nagusi eremu horretan eta udala eremua berreskuratzeko lanean ari da. Hori dela eta, bertako espezie bat landatuko dute aurten: 40 gorosti, hain zuzen.
Herritarrekin ere bigarren landaketa bat egingo dute. Otsailaren 22an izango da, 11:00etan Elosegi Parkean. Eremuaren nortasuna mantentzeko asmoz, espezie bereziak landatuko dituzte: Ginkgo bilobak, Likidanbarrak eta zume negarti bat. Gainera, Tolosako lorezaintza zerbitzuaz arduratzen den Gureak Berdeak enpresako adituek parkeko zuhaitz esanguratsuenen, parkearen bilakaeraren eta gaur egungo kudeaketaren inguruko argibideak emango dituzte.
Hegaztien habia-kutxak
Bestalde, faunari lotuta, Aranzadi zientzia elkarteak hegaztien inguruko eskuhartzea egingo du, eta herriko hainbat puntutan hegazti intsektujaleen habia-kutxak jarri ostean, haien jarraipena egingo du. Habia-kutxak egitura artifizialak dira, eta hegaztien babes eta ugalketa errazten dute. Eragin handia dute biodibertsitatearen hobekuntzan eta izurriteen kontrolean. Izan ere. hegazti intsektujaleak, hala nola kaskabeltz eta amilotxak, funtsezkoak dira ekosistemetan, intsektu-populazioak erregulatzen laguntzen baitute.
Bada, 30 habia-kutxa jarriko dituzte, eta horretarako herritarrei zuzendutako ibilaldiak egingo dira, ikerlariek gidatuta. Hiru dibulgazio-tailer izango dira: otsailaren 15ean Elosegi parkean; otsailaren 16an Iurramendi Baratze Parkeko etxolan; eta martxoaren 9an, Zumardiaundian. Hiru hitzorduak 11:00etatik 12:00etara izango dira. 943 466 142 telefonora deituz edo Bibe.me webgunearen bitartez eman ahalko da izena.
Biodibertsitate Guneak hegaztien ugalketari buruzko beste hitzaldi bat ere emango du, hilaren 19an.
Jarduerak
- Otsailak 5. 18:00. Biodibertsitate Guneak antolatutako hitzaldia: Ezagutu Tolosaldeko zuhaitz eta zuhaixka ohikoenak. Bidaiarien Txokoa.
- Otsailak 15. 11:00-12:00. Hegaztien-habia kutxak jartzeko ibilaldia. Elosegi parkea.
- Otsailak 16. 11:00-12:00. Hegaztien-habia kutxak jartzeko ibilaldia. Baratze parkea.
- Otsailak 19. 18:00. Biodibertsitate Guneak antolatutako hitzaldia: Hegaztien ugalketa (Gazteleraz). Bidaiarien Txokoa.
- Otsailak 22. 11:00. Zuhaitz landaketa. Elosegi parkea.
- Martxoak 9. 11:00-12:00. Hegaztien-habia kutxak jartzeko ibilaldia. Zumardiaundia.