ELKARRIZKETA

«Argi nuen Tolosan denda bat zabaldu nahi nuela»

Aitor Arroyo Askarai 2025eko otsailaren 8a

Jose Ramon Tuduri markogilea. A.A.A.

Ia hiru hamarkada daramatza Tudurik markoak egiten eta, denbora horretan, 15.000 koadro baino gehiago egin ditu; denetik markoztatu du, besteak beste, Iñaki Perurenaren harria jasotzeko galtzak, rasta batzuk eta tarantula bat.

Datorren urtean beteko dira 30 urte Tolosan ateak zabaldu zituenetik Tuduri dendak. Ia hiru hamarkadaz leku berean mantendu du lantegia Jose Ramon Tuduri (Tolosa, 1963) markogileak, eta denbora horretan, gutxienez, 15.000 marko egin ditu. Ogibidea maite duenaren atseginez azaldu ditu lanbidearen nondik norakoak, eta barre txikiz aitortu bitxikeriak.

Noiz zabaldu zenuen markoen denda?

Denda 1996an zabaldu nuen, urrian; beraz, 30 urte egingo ditut datorren urtean. Pentsa zenbat bezero pasako ziren denbora horretan... Familiakoak beti dendariak izan dira: aitona-amonak, gurasoak, osaba-izebak... Eta 17 edo 18 urte betetzerako, nik ere argi nuen Tolosan denda bat zabaldu nahi nuela. Donostian bulego batean lau bat urtez lan egin nuen, eta konturatu nintzen horrelako denda dezente ari zirela zabaltzen han.

Eta horrela erabaki zenuen Tolosan zabaltzea?

Atentzioa eman zidan. Donostian ikusi nuen modan jartzen ari zirela eta Tolosan falta zela konturatu nintzen. Lagun baten bitartez jarri nintzen harremanetan Donostian halako denda bat zuen dendari batekin, eta hark erakutsi zidan nola mozten ziren moldurak, nola egin markoak... Denda zabaldu nuenean gauza batzuk banekizkien, eta gero egunerokoan ikasi dut orain artekoa.

Eta orain arte iraun duzu.

Gustatzen zitzaidan, eta aurrera egitea erabaki nuen. Denda hauxe bera zabaldu nuen, eta hementxe jarraitzen dut; ez naiz lekuz aldatu. Oso gustura nago, nire dendaren estiloa Alde Zaharrarekin ondo doala esango nuke. Erakusleihoa erakargarri bat baldin badaukazu jendea begira geratzen da. Zabaldu nuen denda, eta hasieratik oso ondo joan zen.

Nola irudikatu behar zaitugu lanean?

Izatez, moldurak hiru metroko luzeran etortzen dira. Makina bat dut angeluak mozteko, eta beste bat elkartzeko... Horrez gain, kristala moztu behar da, baita passe-partout-a ere, atzeko estalkia... Eta pentsa zenbat gauzei jarriko nizkien markoak urte hauetan.

Zenbat izan litezke?

Albaranak egiten ditut eta, egon... [Kaxoi batetik ateratzen du albaranen liburua]. 15.000. orria da hau, eta orri bakoitzean koadro bat joan daiteke; edo hiru edo bost. Beraz, gutxienez, 15.000 koadro atera dira hemendik [barrez].

Bitxikeriarik eskatu al dizute urte hauetan?

Jendeak denetik eskatzen du. Eta gauza asko markoztatu ditut: liburuak; antigoaleko betaurrekoak; arrosarioak, pila bat; lore lehorrak; txanponak; kirol kamisetak ere pila bat, eta baita gauza bitxiagoak ere...

Bitxienak izan dira suge baten azala, balleta dantzatzeko oinetako batzuk, galtzerdi batzuk... Behin, rasta batzuk ere ekarri zizkidaten [barrez]. Umeen garai bateko jantziak... Tarantula bat —disekatuta, jakina—. Eta baita Iñaki Perurenaren harria jasotzeko galtzak ere [barrez]. Izen handiko margolarien lanak ere ekarri dizkidate. Oso-oso gauza politak ziren batzuk.

Zein izan da irauteko gakoa?

Markoztatzeko denda beti izan da; baina osagarri bezala antigoaleko altzariak izaten nituen, zaharberrituta. Garai batean hori zegoen modan. Beste aldean erosten nituen altzariak, zaharberritu eta... Horrelako asko saltzen nuen. Azokak ere egiten ziren eta horietan parte hartzen nuen. Eta saltzeaz gain, jendea etortzen zen gauzak zaharberritzeko eskatzera ere.

Hori ere aldatu zen, ordea. Hasi nintzenean erabiltzen nituen markoak eta oraingoak ez dira berdinak; hori ere aldatzen doa denborarekin. Altzarienak irteerarik ez zuela konturatu nintzenean, hori kendu eta buruan nuen beste ideia bat gauzatu nuen: arte galeria txiki bat.

Eta oraindik mantentzen duzu.

Beti izan dut buruan halako zerbait zabaltzea. Altzariak kentzeko momentua aprobetxatu nuen, eta orain artisten lanak ditut ikusgai. Jose Luis Longaronekin hasi nintzen, haren piezaren bat eta... Izan ditut Isabel Mujika eta Iñaki Epelde ere. Zumetarenak nik erosten ditut. Haren alabarekin harremanetan jartzea lortu nuen eta horrela lortzen ditut horiek, eta beste zenbait artistenak: Dora Salazar, Basterretxea... Izan ditut, baita ere, Ameztoy eta Nisa Goiburu... Eta, gainerakoan, artistek jo dute nigana eta horrela atera dira Sükrü Karakus, Miren Gonzalez, Alberto Letamendi...

Ez dira izen makalak.

Batzuei ezetz ere esan behar izan diet. Leku handirik ez dut, eta izen handi samar batzuk ditudanez... Eskatzen dut, behintzat, erakusketaren batzuk egin izana edo ibilbide bat edukitzea... Ezetz esaten jakitea ere garrantzitsua da.

Elkarlanean aritzen zara, beraz, eskualdeko artistekin eta beste zenbait lanbiderekin.

Artistek haien lanak ekartzen dizkidate, eta nik egiten dizkiet markoak. Horrela denda janzten dugu, eta salgai daude. Markoztatzea, berriz, eguneroko lana da, baina kristala mozteko beste dendaren batekin egiten dut lan, telak lortzeko beste batekin...

Eskulanarekin estu lotutako lana da.

Horrela da, bai. Donostiako hark erakutsi zidan markoak egiten, eta beste tailer batean ikasi nuen zaharberritze lana.

Nondik datorkizu interesa?

Bada, ez dakit. Etxean ere denetariko eskulanak eta konponketak egiten ditut. Beti oso lanpetuta ibiltzen naiz, baina antolatu egiten dut guztia eta horixe da gakoa.

Lanbidearen zein arlo gustatzen zaizu gehien?

Bezeroekin hitz egitea eta harremana sortzea asko gustatzen zait. Ekartzen dutenean zerbait ederra, zeina jantzi egin behar duzun, eta emaitza ere indartsua denean... Horrek ere betetzen nau. Markoztatzea erronka bat denean, zerbait ezberdina edo berezia delako... Hori ere gustatzen zait. Azken emaitza ona denean, eta bezeroak ere atsegin duenean, hori ederra izaten da.

Eta, kontrara, gutxien?

Gurutze-puntuzko erlojuak. Horiek markoztatzea ez zait batere gustatzen [barrez].

Bezeroa aldatu al da urte hauetan?

Bezeroa ez da asko aldatu. Gazteak 25 urteren inguruan hasten dira argazkiren edo posterren bat markoztatu nahian, eta hortik aurrera edozein adinetako jendea. Margotzen duenak mihiseak ekarri izan ditu eta berdin etxeko margolan bati markoa aldatu nahi diotenak ere. Orain, adibidez, oso modan jarri da ezkontzen direnen zapia eta txapela markoztatzea.

Kontsumitzeko ohiturak ere aldatu dira. Nola eragin dizu horrek?

Niri ez dit hainbeste eragiten. Internetez erosi dezakezu laminaren bat, dagoen bezala zintzilikatzeko; baina, hortik aurrera, marko fin bat behar baduzu edo passe-partout bat jarri nahi badiozu... Hori profesional batek egin behar du eskuz, neurrira, eta markora egokitu. Internetez egitea zaila da; profesional bat behar duzu, bertan.

Neurri estandarreko markoak ere eros ditzakete Internetez-eta. Baina zerbait bereziagoa bada, enkarguz egiten da ia beti. Gainera, nire arloan leialtasun handia dago bezeroaren aldetik. Bezero bat hona etorri bada eta zure lana gustatzen bazaio, gero ez da joaten beste lekuren batera. Zu oporretan egonda ere, itxaron egiten du.

Nola lortzen da hori?

Betiere zaindu egin behar da harremana. Mozteko teknika erraza da: makinarekin neurriak hartu eta kito. Baina gustu ona ere eduki behar da; eta hori oso garrantzitsua da. Zein marko aukeratu, zein kolore doakion ondo... Batzuetan bezeroarekin negoziatu ere egiten dugu [barrez].

«Mozteko teknika erraza da [...] Baina gustu ona ere eduki behar da; eta hori oso garrantzitsua da»

Dendariok ia seigarren zentzumen bat ere garantzen dugu: pertsona bat dendara sartzeko moduagatik bakarrik badakigu etorri den begiratzera, hitz egitera, benetan erosteko asmorik duen edo ez [barrez]. Hori beste dendariek ere esango dizute. Ia gizarte lana ere egiten dugu dendariok, jende asko etortzen baita hitz egitera bakarrik [barrez, oraindik].

Beste garai bateko denda irudituko zaio, agian, jendeari.

Tolosan garai batean bost marko denda egotera ere iritsi ginen; eta gaur egun bakarrik nago. Lana asko gustatzen zait; eta oso ondo doa, gainera. Erretiratzen naizenean, agian, ordutegia moldatu eta goizez bakarrik ariko naiz... Eta, bestela, aurkitu nahiko nuke baten bat ofizioa gal ez dadin.

Orain halako lanbideen denda asko daude, non nire adineko jendeak egiten duen lan; baina horiek ixten dutenean... Ez dakit zer gertatuko den.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!