Kronika

Maisulan bat, hizki larritan

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko ots. 3a, 20:00

Igor Arostegi, Xabier Peña, Joxe Manuel Agirre, Iker Dorronsoro eta Aitor Zabala, ostiralean, Leidorren. ATARIA

Gogoangarria izan zen Eduardo Mokoroa omentzeko Euskadiko Orkestrak Leidorren eskainitako kontzertua; eskualdeko bost musikarik parte hartu zuten.

Bikaina. Kalitate gorenekoa. Ahaztezina. Eta zenbait unetan, hunkigarria. Hala izan zen ostiral iluntzean Leidor aretoan bizi genuena. Euskadiko Orkestra, Tolosan. Aitor Elduaien herritarrak aurkezpen biribilean adierazi bezala, izan zitekeen titularra. Baina orkestra ez zen kasualitatez izan gure herrian.

1982an sortu zen, eta ostiraleko saioaren aurretik, bederatzi aldiz aritua zen Tolosan. Hori bai, 2006an jo zuen azkenekoz herrian, eta beraz, emanaldi berezi baten atarian geunden. Izan ere, orkestrak bere ohiko egitarautik kanpo –hiriburuetan egiten dituen emanaldietatik kanpo– egindako saio bat izan zen. Leidorren bildu ginenok «estreinaldi unibertsal, bakarra... eta agian, errepikatuko ez dena» bizitzera gindoazela nabarmendu zuen Elduaienek.

Eta zergatik? Orkestrak Eduardo Mokoroa maisuaren errepertorioa jo zuelako, lehen aldiz; Angel Brizek orkestrarako propio moldatutako piezak. Musikagile tolosarraren tesia burutu duen Luis Orduña musika-ikerlariak urtarrilaren 28an udaletxeko pleno aretoan egindako Eduardo Mocoroa (1867-1959): Pasado, presente y futuro de la música en Tolosa hitzaldian aurreratu moduan, «lehenago inoiz entzun gabeko errepertorio sinfoniko bat» entzutear ginen.

Kontzertuaren aurkezpen prentsaurrekoan, Orduñak adierazi zuen Felipe Gorriti musikagile nafarraren lana «funtsezkoa» izan zela Mokoroaren ibilbidean. Hain justu, Gorritiren lekukoa hartuta, Santa Maria Kaperako maisu izan zen Mokoroa. Udaletxean egindako hitzaldi hartan, galdea bat bota zuen Orduñak, eskaera modura: «Zer egin genezake Mokoroaren obren biziraupena bermatzeko?». Horren inguruan, honakoa nabarmendu zuen Elduaienek kontzertuan bertan: «Tolosa da giltzarria. Herria. Eta herri honetako kultura berezi hori, bere izatean halako arrastoa utzi dutenei zor zaien miresmen biziarekin. Bizi mantentzen delako maite dena».

Etxean, etxekoekin

Herria ez ezik, herritarrak ere giltzarri izan dira, eta dira oraindik ere. Hala, Joxe Ramon Arriaga, Txetxo Gaztañaga eta Matxin Labayen gogoan izan zituen Elduaienek. Beste herritar batzuk ere nabarmendu zituen, hain justu, une horretan oholtzan bertan zeuden eta orkestrako kide diren Xabier Peña eta Igor Arostegi perkusio-jotzaileak, baita beraiekin kontzertuan kolaboratu zuen Aitor Zabala ere. Ez dago esperientzia ederragorik, herriko musikagile handi baten obrak, herrian bertan, eta herritar eta lagunen aurrean interpretatzea baino. Betirako gogoan izango dute ostiraleko kontzertu errepikaezina.

Eta zentzu horretan, leporaino beteta zegoen Leidorren, eta oso tolosartua zegoen atmosferan, heldu zen kontzertuaz gozatzeko momentua. Lehen zatia, osorik eskaini zioten Mokoroari; oso bertakoa izan zen, euskalduna, hunkitzeko modukoa. Leidorren bildutakoek txaloz eskertu genituen Xarmangarria zira, Uso zuria eta Baratzeko pikuak kantuen melodiekin osatutako Ordizia euskal oberturaren eta San Inazio Martxa eta Santa Ageda abestien melodiak biltzen dituen Euskal soinua obraren interpretazioak.

Eta izan ziren euskal melodia gehiago, tartean, Leitzako ingurutxoa. Ziur, bakarren batek malkoren bat isuriko zuela. Lehen zatiari amaiera emateko, Leidor euskal operaren zenbait zati interpretatu zituen orkestrak, hiru obratan banatuta. Hauek amaitzean, txaloak ez ezik, publikoaren «biba!» oihuak ere entzun ziren. Maisu handi baten lanak, maisuki interpretatuta.

Bigarren zatian, errepertorioa zabaldu zuten. Batetik, Jesus Guridiren El caserio zarzuelako zati bat eta Hamar euskal melodia obrako seigarren zatia, Amorosa izenekoa, jo zituzten. Ondoren, Leidorren bertan izan zen Eduardo Moreno arabarraren Minermartin's march obra interpretatu zuten, gonbidatu bereziekin, gainera, eskualdeko bi dultzainerorekin partekatu baitzuten oholtza: Joxe Manuel Agirre tolosarra eta Iker Dorronsoro belauntzarra. Bientzat ere, une ahaztezina.

Publikoa, lotsati eta ausart

Jacques Offenbachen La vie parisienne oberturarekin eman zioten amaiera kontzertuari. Edo behintzat, programatutako saioari. Izan ere, alemaniar musikagilearen obraren atzetik, eta Elduaienek aurkezpenean aurreratu bezala, sorpresak izan ziren. Hala, euskal melodiaren bi klasiko handi interpretatu zituen orkestrak, dultzaineroekin batera: Trapu zaharrak eta Xalbadorren heriotzean. Publiko lotsatiak ahotsarekin lagundu zuen.

Lotsa guztiak, ordea, hamahirugarren eta azken obra entzutearekin batera uxatu zituzten Leidorren bildutakoek, Tolosako ereserki baten txanda heldu baitzen orduan: San Joan zortzikoa. Publikoaren ahots leunak «agur egun zoragarria, poztu dezu herri guztia» ozen kantatuz lagundu zuen, eta orduan bai, herri guztia poztu zuen obra amaitzearekin batera, heldu zen egun zoragarriari agur esateko unea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!