Lehen aldiz parte hartu du Maier Olano ZU-K Limousin taldeko txirrindulari tolosarrak Munduko Txapelketa batean. Junior mailan egin du eta 24. postua lortu du. Olanok azaldu duenez, «lasterketa oso gogorra izango zela bagenekien. Aurreko egunean zirkuitua ikusten egon ginen, eta ikusi genuen lokatza bazegoela, toki irristakorrak, eta leku teknikoak ere bazeudela. Hasiera batean ematen zuen nahiko laua izango zela karrera, baina azken batean ikusten zen igoeratxo asko zeudela, gora eta behera asko, eta, beraz, gogorra izango zela».
Probaren egunean Olanok baieztatu ahal izan zuen gogortasun hori: «Azkenean bost buelta eman genituen eta 50 minututara joan zitzaigun karrera». Lasterketan «sentsazio nahiko onak» izan zituen Olanok: «Hasiera batean erritmoa hartzea kostatu zitzaidan, baina gero bueltak aurrera joan ziren heinean gero eta hobeto sentitzen joan nintzen, eta postuk aurreratuz joan nintzen. Azkenean 24. postu horrekin oso pozik nago. Azken finean Munduko Txapelketa batean badakigu jende oso ona ateratzen dela, eta hor munduko 24. egitea poztasun handia da».