Belaunaldi arteko etxebizitza proiektua lantzeko lau saio antolatu ditu udalak

Ataria 2025ko urt. 31a, 11:59

Iurramendi pasealekuko etxebizitza berriak. Argazkia: Sukia Eraikuntzak

Saio bakoitzean gai edo ikuspegi desberdinak jorratuko dituzte. Otsailaren 4an, asteartea, izango da lehena, 18:30ean, Topagunean, eta proiektua bere osotasunean landuko da gazteen ikuspegitik. Martxoaren 11n eta 25ean eta apirilaren 8an egingo dituzte beste saioak, ordu eta leku berean.

Tolosako Udalak azaroan jakitera eman zuen belaunaldi arteko etxebizitza proiektu bat abiatzeko asmoa zuela Iurramendi pasealekuan, gaur egungo etxeen eta eraikitzen ari diren eraikinaren arteko orubean. Udaletik adierazi dutenez, «ikusmin handia» izan zuen azaroan egitasmoa aurkezteko egindako saioak.

Geroztik, talde-elkarrizketak eta zenbait eragilerekin aurrez aurreko saioak egin ditu udalak, besteak beste, inguruko auzoetako auzo elkarteetako ordezkariekin, pentsiodunekin edota inklusioan lan egiten duten elkarteekin. Datozen hilabeteetan, berriz, proiektuari forma ematen hasi eta garatzeko saio irekiak egingo dira, interesa duen herritar orori zabalduta.

Topagunean izango dira saioak, guztiak elebitan eta ordu berean: 18:30ean. Saio bakoitzean gai edo ikuspegi desberdinak jorratuko dituzte. Otsailaren 4an, asteartea, izango da lehen saioa; proiektua gazteen ikuspegitik lantzeko tailerra egingo dute. Lan-saio edo eztabaida taldeak sortu eta ideiak planteatzea izango da helburu nagusia.

Honakoa da egitarau osoa:

  • Otsailak 4, asteartea
    • 18:30ean, Topagunean. Proiektua bere osotasunean landuko da gazteen ikuspegitik.
  • Martxoak 11, asteartea
    • 18:30ean, Topagunean. Proiektuaren izaera eta ezaugarri nagusiak.
  • Martxoak 25, asteartea
    • 18:30ean, Topagunean. Programa arkitektonikoaren definizioa.
  • Apirilak 8, asteartea.
    • 18:30ean, Topagunean. Komunitatea eta zaintza

Galdetegia

Era berean, online galdetegi bat ere sortu du udalak, belaunaldi arteko etxebizitza horiek izan beharko lituzketen ezaugarrien inguruan herritarrek duten iritzia jasotzeko. Esteka honetan dago eskuragarri. Datorren astetik aurrera Udaten ere erantzun ahal izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!