Larunbat honetan, otsailak 1, Tolosako Udal Txistulari Bandak eta Tolosako Udal Musika Bandak kontzertua egingo dute Tolosako Alondegi plazan dagoen Uzturre egoitzan. Emanaldia 11:00etan hasiko da.
Udal musika bandatik adierazi dutenez, «kontzertu berezia» izango da. «Urteko lehen kontzertua izango da herrian, musika eskolatik kanpo». Aldi berean, esan dute «plazer bat» dela egoitzara joatea, «egoiliarrei, hauen senideei eta egoitzako langileei askotariko musika estilo eta melodiak gerturatzen dizkiegulako».
Kontzertuko obrei dagokienez, txistulariek lehen aldiz joko dute obra bat. Koldo Basabek idatzitako Ekin tangoa izango da, Gorka Zabaleta Bilboko udal txistulari bandako zuzendariak txistu bandarako moldatua. Horrez gain, Jon Esnaola tolosarrak idatzitako Ttutturre zortzikoa interpretatuko dute, Errege Eguneko kontzertuan musika eskolan estreinatu zutena, baita Jose Ignazio Ansorena Miner Mirrik moldatutako melodia ezagunak ere: Santa Ageda eta Inauteri doinuak.
Musika bandak ere estreinakoz joko ditu bi obra: Richard Egues kubatarraren El bodeguero txa-txa-txa eta Nico Jimenez mexikarraren Espinita boleroa. Biak ere, erritmo eta melodia latindarrak. Horiez gain, Iruñatarra kalejira, euskal doinuak biltzen dituen Dantzaldia popurria, When the saints go marching in abesti ezagunaren bertsio bat eta pasodobleen errepertorioan oso ezaguna den Pepita Greus interpretatuko dituzte.
Txistulari bandak eta musika bandak herritarrak gonbidatu dituzte kontzertura: «Goiz pasa ederra izango da, musikaz girotua».