Maier Olano ZU-K Limousin taldeko txirrindulari tolosarrak ziklo-kroseko Munduko Txapelketan parte hartuko du, junior mailan. Lievinen (Frantzia) jokatuko dira probak, eta Olanorena larunbatean izango da, 11:00etan hasita. Olanorekin batera, Espainiako selekziorekin Irati Aranguren gipuzkoarra eta Lorena Patiño galiziarra ariko dira.
Olanok azaldu duenez, «oso pozik» dago Munduko Txapelketara joateko aukera izateagatik. Une honetan «oso puntu onean» dagoela esan du tolosarrak: «Munduko Txapelketari begira sentsazio onak ditut, eta ikusiko dugu egunean bertan zer moduz joaten zaigun. Azken batean, badakit Munduko Txapelketa batera joaten zarenean ez dela beste txapelketa batean bezala. Han lehiatzen den jende guztia oso ona da».
Aurreikusitako maila horren aurrean, helburuak «beste batzuk» direla esan du: «Nire helburua azken finean Munduko Txapelketan parte hartzea zen, eta hori lortu ondoren oso pozik nago. Hortik aurrera etortzen denarekin oso pozik egongo naiz».
Lievineko zirkuitua ez duela asko ezagutzen adierazi du Olanok: «Beste urte batzuetako bideoak-eta ikusi ditut, eta polita ematen du. Igoera eta jaitsiera asko ditu, eta ikusiko dugu zer-nolakoa den. Gogotsu nago parte hartzeko».
Orain bi asteburu ZU-K Limousin taldeko txirrindulariak Benidormen (Herrialde Katalanak) jokatu zen ziklo-kroseko Munduko Kopan parte hartu zuen, eta 15. postuan amaitu zuen. Bertan izan zituen lehiakide ugari izango ditu larunbat honetan ere, Munduko Txapelketako proban.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!