Elkarrizketa

«Trumpek ordezkatzen duen guztia 'mainstream' bilakatu da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko urtarrilaren 30a

Mikel Reparaz, 'Amerikaren arrakalak' liburuarekin

Amalur Jardunaldien barruan eta Estatu Batuetatik iritsi berri, New Yorken (AEB) korrespontsal aritutako Mikel Reparaz Extramiana kazetari eta idazle arbizuarrak 'Trump 2.0 eta Estatu Batuen etorkizuna' hitzaldia eskainiko du Topic-en, 19:00etan.

Estatu Batuetako presidente kargua hartu berritan, Donald Trumpek bere bigarren agintaldiari ekin dio. Dagoeneko munduko begirada asko bereganatu ditu alderdi errepublikanoko ordezkariak, eta asko dira herritarrek egiten dituzten galderak. Bada, gaur, horiek erantzungo ditu eta Estatu Batuen etorkizunaren inguruan mintzatuko da Mikel Reparaz Extramiana (Arbizu, Nafarroa, 1975) kazetari eta idazlea, Amalur jardunaldietako lehen saioan. 19:00etan izango da Topic-en, Trump 2.0 eta Estatu Batuen etorkizuna izenburupean.

Azken egunak nahiko mugituak izaten ari dira zuretzat; Estatu Batuetatik iritsi berri zara. Zer moduz?

Trumpen kargu hartzearen eta ondorengo egunetan gertatutakoaren berri ematen aritu naiz Euskal Telebistan. Presidente berriak berehala ekin dio erabakiak hartzeari, eta dekretuak sinatzeari; informatiboki, nolabaiteko uholdea izan dugu. Erakustaldia egin nahi du, erabateko sendotasuna eta boterea duela erakutsi, alegia, eta aitortu behar zaio hala dela. Hauteskundeak irabazi zituen, baina horrez gain, erabateko babesa dauka bere inguruan. Kongresuan ere gehiengoa dauka alderdi errepublikanoak, eta Auzitegi Gorena ere bere esku du, epaile kontserbadoreak gehiengoa direlako. Argentinan Mileik egin moduan, motozerra atera eta gobernua txikitu nahi du.

Gobernua txikitu eta Estatu Batuak handitu. Izan ere, Groenlandia erosi, Panamako kanala berreskuratu eta Kanada 51. estatu bilakatu nahi duela esan du.

Hasiera batean, txantxa modura hartu genuen, baina baita zuhurtasunez ere. Askotan, gehiegi hitz egiten du, eta esaten dituen gauza guztiak ez dira egia. Hala ere, presidente batek oso gutxitan izan duen boterea du. Iritzi publikoa kontrolatu eta kudeatzen duten enpresen erabateko babesa dauka, eta horren jakitun da. Hordago bat botatzen ari da; egin nahiko lukeen guztia gauzatu nahi du, eta hor sartzen da Estatu Batuak handitzeko plan inperialista. Kazetariok ez dugu jakiten gauza hauek nola kudeatu. Ez dakigu zein puntutaraino diren sinesgarriak eta zein puntutaraino egin ditzakeen, baina behin eta berriz harritzen gaitu, eta une honetan, ez nuke ezer baztertuko.

Zer irakurketa egiten duzu Estatu Batuetako azken hauteskundeez?

Estatu Batuetako hauteskunde sistema, eta oro har, sistema politikoa, oso murritza da. Boterera iritsi ahal izateko bi aukera besterik ez daude, bi plataforma. Azken lau urteotan gobernu demokratari, eta zuzenean, Bideni, leporatu zaizkio zenbait aldaketa, besteak beste, inflazio krisia. New Yorken, esaterako, prezioak ikaragarriak dira; askok ezin diete aurre egin beren gastuei. Errentak asko igo dira eta soldatak ez dira neurri berean igo.

Era berean, Trumpek ordezkatzen duen guztia mainstream bilakatu da; jada ez da outsider bat. Lehen, kanpotarra zen, sistema politikoarekin zerikusirik ez zuena. Orain, alderdi errepublikanoa eta Trumpismoa gauza bera dira. Azken hori mugimendu zabala eta onargarria bilakatu da, eta estatubatuarrei alternatiba baliagarria iruditzen zaie. Demografikoki, gutxiengoek, latindarrek, beltzek edota emakumeek 2016an baino era zabalagoan babestu dute.

Ekonomiak pisu handia izan du, eta Bidenen politikekin ados ez daudenek eta Kamala Harris hautagai modura onartzen ez dutenek, Trumpismorantz jo dute, inolako lotsarik gabe. Duela gutxi, Estatu Batuetako herritartasuna lortu zuen El Salvadorreko etorkin batek esan zidan Trump ez zitzaiola gustatzen, baina berari eman ziola botoa, uste zuelako ekonomia hobetu eta indartuko zuela. Jende askok esaten du hori, eta hor dago giltzetako bat.

Zer ekarriko du Trumpen bigarren agintaldiak epe motzera eta luzera begira?

Olatu ultrakontserbadore bat dator Estatu Batuetako gizartera. Abortu eskubideak ikaragarri egin du atzera, eta gobernu berriarekin, gehiago atzeratuko da. LGTBI mugimenduaren zenbait aldarrikapen ere atzera botatzen ari da Trump, eta Hezkuntza Sail Federala desagertzeak ere eragina izango du.

Epe luzera begira, iruditzen zait Trumpek egin nahi dituen zenbait gauzek ondorioak izango dituztela munduan, tartean, Europan. Muga zergak ezarri nahi dizkie kanpotik sartzen diren produktuei, eta horrek zuzenean eragiten digu guri. Atzerri politikari begira, ikusiko dugu Ukrainarekin zer gertatzen den; ea berak esaten duena lortzen duen: maiatzerako bake akordio bat adostu eta gerrarekin amaitzea. Ikusi beharko da ere Ekialde Hurbilean zer politika eramaten dituen aurrera. Palestinarrak Gazatik kanporatzearen eta Israelek lurralde palestinarrak anexionatzearen alde dago. Agian, oraindik goizegi da zenbait gauza aurreikusteko. Trumpek beti esan izan du Estatu Batuak ez direla gerra berrietan sartuko, baina era berean, inoiz ez bezala indartu nahi du AEB-tako armada. Hala ere, bere hitzetan, ahal bada, ez erabiltzeko izango da.

Arriskuan ikusten dituzu migratzaileen eta emakumeen eskubideak, eta demokrazia bera?

Gehiengo kontserbadorea eta eskuindarra duten estatu askotan dagoeneko arriskuan daude. Esate baterako, Texasko emakume askok haurdunaldia eteteko bertatik irten eta beste estatu batera jo behar dute. Aurrerantzean, mugimendu horiek areagotu egingo dira.

2016an, Trumpek lehen aldiz hauteskundeak irabazi zituenean, gizartearen erantzuna izugarria izan zen, presidenteak hainbat kolektibo eraso zituelako. Bere aurkako erresistentzia bat sortu zen. 2017an, kargu hartu zuenean, Washingtonen milioi bat emakume atera ziren kalera, bere aurkako martxa erraldoi batean, eta 2025ean, ordea, erresistentzia hori desagertu egin da. Ia ez dago oposiziorik Estatu Batuetan, neurri handi batean, Trumpek duen botere maila ikusita, mugimendu horiek etsita daudelako. Halaber, alderdi demokrata erabat suntsituta dago; ez dauka lidergorik.

Eskuin muturreko mugimenduak indartuago daude, beraz?

Bai. Bidenen agintaldian indartuz joan dira bere gobernuaren aurkako erantzunak. Telebistan entzuten diren mezuak lehen baino muturrekoagoak dira. Diskurtso bat dute: Biden ez zen presidente zilegi bat, ez zituen hauteskundeak irabazi eta iruzurra izan zen. Bestalde, sare sozialetan, zenbait plataformen eta iritzi-emaileen itzala geroz eta handiagoa da. Desinformazioa ere lehen baino errazago ari da zabaltzen; gero eta indartsuagoa da kontrolik gabeko informazioa. Horrek talde supremazistak indartu ditu, eta Estatu Batuetan oso indartsu daude. Kapitolioaren oldarraldian parte hartu zutenen amnistia orokorra ikusi besterik ez dago. Trumpek denak kaleratu ditu, eta tartean, eskuin muturreko taldeetako buruak daude, eskuin muturreko milizia armatuko buruzagiak.

2021ean, Las Grietas de America liburua argitaratu zenuen; iaz, Alberdania argitaletxearen bitartez, euskarara itzuli zenuen: Amerikaren arrakalak. Zeintzuk dira, oro har, Estatu Batuek dituzten arrakalak edo zeintzuk antzeman dizkiozu zuk?

Arrakalak askotarikoak dira. Gertaera ugari izan dira bi argitalpenen artean. Euskarazko bertsioa gaztelaniazkoaren eguneraketa da; azken urteetan gertatutakoak ere kontatzen ditu, tartean, Trumpen garaipena.

Oro har, arrakala erraldoi bat dago. Estatu Batuetan bi giza talde irudikatzen ditut, zinema areto handi banatan, pelikula desberdin bana ikusten. Alde batetik, konspirazioen teoriekin sortutakoa, 2020ko hauteskundeak Trumpek irabazi zituela eta iruzur handia izan zela esanez; bestetik, Europara heltzen den filma, New York Times, The Washington Post edota CNN hedabideek ematen dutena. Bi kontakizun horiek ez dira elkar gurutzatzen, eta bi giza talde horiek ez dute komunikaziorik elkarren artean. Hori da gaur-gaurkoz Estatu Batuetan dagoen arrakalarik handiena, narratibarena. Bertako politika, gizartea eta historia irakurtzeko modu desberdinak daude.

Nik nire liburuan defendatzen dut gatazka bat dagoela Estatu Batuetan, inoiz erabat konpondu ez dena, esklabotzatik datorrena, eta arrazakeria eta supremazia zuriaren boterea sistemiko bilakatu duena. Gatazka hori konpontzen saiatu diren aldi guztietan, erresistentzia bat sortu den aldiro, etorri da erreakzioa, eta Trump horren irudia da. Obama izan zen Estatu Batuetako lehen presidente beltza, eta berehala Trump iritsi zen. Gaur egun, bere boterea sendotuago dago, eta arrakala hori askoz sakonagoa da Estatu Batuetako gizartean. Arrakala nagusi horrez gain, badira gehiago, besteak beste, lehen aipatu ditudan kolektiboena, indigenen egoera, komunitate afroamerikarrarena eta LGTBI mugimenduarena, baina sakonena Estatu Batuetako gizartea bi zatitan banatzen duen arrakala da.

Beldurra diozu Estatu Batuen etorkizunari, edo herrialde erraldoia izanik, aldaketa bat gertatu daitekeela uste duzu?

Kezkatuta nago. Kulturalki, politikoki eta ekonomikoki, Estatu Batuen satelite bat gara. Bere grabitazio-indarra oso sendoa da gugan, bertatik datoz gure erreferente gehienak eta bertan gertatzen denak eragina du hemen; hori ukaezina da. Bestalde, Estatu Batuetako botere politiko-ekonomikoa munduan gainbeheran dago, Txina altxatzen ari den bitartean; kontrabotere bat sortzen ari da. Adimen Artifizialarekin lotutako DeepSeek aplikazioaren eragina ikusi besterik ez dago. Horregatik ere kezkatuta nago, Europa erdian dagoelako, atzetik joan gaitezkeelako, eta etorkizunean erabaki asko hartu beharko dituelako.

Euskal herritarrok ba al dugu interesik Estatu Batuetako politikaren inguruan?

Nire ustez, bai. Estatu Batuetan gertatzen den guztiak eragiten digu, baina, neurri batean, guk hemen badugu ideia bat Estatu Batuen inperialismoaren aurkakoa, kolonizazio kulturalaren aurkakoa. Euskal Herriak beti izan du Estatu Batuekiko begirada kritiko bat, eta hori ere interesgarria da. Bestalde, kulturalki, geroz eta estatubatuarragoak gara. Sarrionandiak esaten zuen moduan, Europa estatubatuarra da, baita Euskal Herria ere, Europan dagoelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!