Elkarrizketa

«Aurten pixka bat lasaiago joan nahi dut helburuekin»

Imanol Garcia Landa 2025ko urt. 29a, 19:58

Manex Civico, Elgoibarko Nazioarteko Krosean. FOTORUNNER

Bigarren denboraldia egiten ari da Tolosa CF-ko Manex Civico (Tolosa, 2005) atleta Leongo (Espainia) Goi Errendimenduko Zentroan. Bien bitartean, kirolaren inguruko goi mailako zikloa ikasten ari da. Asteburuan pista estaliko 1.500 metroko Euskadiko Txapelketa irabazi zuen maila absolutuan.

1.500 metroko proba irabazteko helburuz atera zinen?

Entrenatzailearekin hitz egiten egon nintzen aurreko astean; gutxienekoa egin nahi nuen Espainiako Txapelketara joateko, eta banekien lasterketa denbora horietan izango zela. Esan zidan atzean jartzeko eta azken 500 metrotan azkar joateko. Lasterketa taktikoa izan zen, eta ni azken itzulian aurrera joan nintzen. Gustura nago, gutxienekoa lortzeaz gain, irabaztea lortu nuelako.

Denbora 3.57koa izan zen. Zure marka pertsonala da?

Pista estalian bai, inoiz ez nuelako distantzia hori egin pista estalian, baina aire librean 3.55 dut.

23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa izango zara, beraz. Zer asmo duzu?

Ez dakit non hartuko dudan parte, 3.000 edo 1.500 metroko proban. Ea non ikusten naizen hobeto, eta ea entrenatzaileak zer esaten didan. Pista estalian beti 3.000 metroko proba egin dut, eta entrenatzaileak esan zidan 1.500 metrokoan ez nintzela gaizki ibiliko. Niri berdin zait, biak gustatzen zait.

Kros denboraldian txukun aritu zara, Elgoibarren bigarren euskalduna izanik.

Oso gustura nago hor lortutakoarekin. Urte amaieran Europako Txapelketara sailkatzeko 3.000 metro inguruko probak egitetik nentorren, eta Elgoibar 10 kilometro dira. Kostatu zitzaidan pixka bat, baina oso gustura bukatu nuen.

Lasarteko krosean zure mailan irabazi egin zenuen, eta Sevillako eta Atapuercako krosetan ere izan zinen.

Lasartekoa oso ondo joan zen; denboraldiaurrea dagoeneko bukatzen ari ginen, eta sentsazioak ez ziren sekulakoak izan, baina ondo aritu ginen. Sevillakoa eta Atapuercakoa krosak pixka bat lehenago ziren, eta hor okerrago aritu ginen.

Bestetik pista estalian 20 urtez azpiko Euskadiko marka egin zenuen 3.000 metrotan, 8.20 eginez.

Oso pozik horrekin. Bi edo hiru urte pasa ziren 3.000 metroko proba egin gabe. Distantzia hori egitera joan nintzen, entrenatzailearekin hitz eginda, baina ez nekien zein zen marka. Bukatu nuenean esan zidaten, eta ezustekoa izan zen.

Tolosako Elkartasun Krosa irabazi zenuen ere.

Aspaldi egin gabe nuen, bost bat urte edo, egonaldiak-eta izaten nituelako. Lehenengo aldiz irabazi nuen, eta oso polita izan zen, etxean izan baitzen, Tolosako kaleetatik korrika egiten. Garaipen politenetakoa izan da.

Aurrera begira, aire libreko denboraldian, zein da zure helburua?

Aurten pixka bat lasaiago joan nahi dut helburuekin. Konstantzia izan nahi dut entrenamenduetan, eta aurreko urteko markak jaitsi. Europako Txapelketara joan nahiko nuke, baina oso zaila dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!