Euskadiko Orkestrak Eduardo Mocoroa musikari tolosarra omentzeko kontzertu berezia eskainiko du bihar, hilaren 31n, Tolosako Leidor aretoan. Emanaldia 19:30ean hasiko da, eta antolatzaileek ohartarazi dute sarrera batzuetan akatsa dagoela kontzertuaren ordutegirekin.
Euskal musikaren ondarearen altxor handienetako bat omentzeko emanaldi berezia izango da, tolosar konpositore eta musika maisuaren errepertorioa lehen aldiz interpretatuko baitu Euskadiko Orkestrak. Gainera, Ia 20 urteren ostean Tolosara bueltatuko da orkestra. Obrak orkestrarako originalak dira, eta Angel Brizek berrikusi eta berrargitaratu ditu.
Tolosarrentzat zein Mocoroaren musikaren zale ororentzat «aukera paregabea» izango dela emanaldia azaldu dute antolatzaileek: «udalerriko soinu bandaren parte baitira haren lanak, eta Euskadiko Orkestrak lehen aldiz interpretatuko baitu Eduardo Mocoroaren errepertorioa». gainera, sorpresaz beteriko gaua izango dela iragarri dute, «ezusteko parte-hartze eta emanaldiekin».
Kontzertua baino lehen, Eduardo Mocoroa sakonago aztertzeko Eduardo Mocoroa (1867-1959): Pasado, presente y futuro de la música en Tolosa hitzaldia eskaini zuen Luis Orduña ikerlari eta adituak Tolosako udaletxeko batzar aretoan.