Urte bat bete da Abegi, eguneko eta gaueko arreta zerbitzua, Tolosako Udaleko zerbitzu izatera pasa zenetik eta, tarte horretan, 350 pertsona inguru artatu ditu. Udalak zerbitzua bereganatu zuenetik Peñascal Kooperatibak kudeatu du eta, horrez gain, hainbat boluntariok ere hartzen dute parte.
Tolosan 1986etik boluntario sare batek eman die arreta etxerik ez duten pertsonei, harik eta 2023ko abenduan zerbitzua udalak bereganatu eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman txertatu zen arte. Jarduneko lehen urtearen balantzea egin dute udalak zein Peñascaleko arduradunek, eta eskerrak eman dizkiete boluntarioei.
Erabiltzaileen ezaugarriak
Urtebeteko epean, zehazki, 351 erabiltzaile izan ditu Gaueko zerbitzuak. Horren bitartez oinarrizko beharrizanak (elikadura, lo egiteko tokia, higiene pertsonala eta arropa garbitzeko aukera) asetzeaz gain, udaletik nabarmendu dute indarra jartzen dutela ongizate psikologikoa eta emozionala zaintzeko.
Hamabi hilabetean bertan izan dira, zehazki, 325 gizonezko eta 26 emakume. Eta jatorriari erreparatuz, Espainiako estatutik kanpokoak izan dira 261; Espainiako estatuan jaiotakoak 57; eta euskal herritarrak, aldiz, 33. Hotzaren programa 20 egunetan jarri dute martxan eta 53 pertsonak erabili dute, horietako gehienak, udalaren arabera, udalerrian «egonkortuta» daudenak.
Eguneko zerbitzuan, berriz, 20 erabiltzaile izan dituzte, guztiak gizonezkoak. Eta profilari dagokionez, bi talde bereizi dituzte: batetik, 30 urte inguruko gizonezko atzerritarrak, zeinak etxerik gabe eta egoera administratibo irregularrean dauden; eta bestetik, 50 urte ingurukoak, zeinak espainiar nazionalitatea duten, etxerik gabe dauden eta hainbat substantziekiko adikzioak dituzten.
Aterpea baino gehiago
Eguneko zerbitzuko gehienekin sei hilabetez egin dute lan, nahiz eta beste kasu batzuetan urte osoan zehar ere eman dieten arreta. Eta erabiltzailearen beharren arabera, lanketa moda ezberdinak egin dituzte, besteak beste, formazioa, bitartekaritza, higienea eta adikzioak kentzeko programak.
Zerbitzua erabili ondotik asebetetze inkesta bat betetzen dute erabiltzaileek modu anonimoan eta, bataz beste, 10etik 8,75 puntu eman dizkiote zerbitzuari. Galdetegian puntuazio altuena jaso dute hainbat arlok, horien artean, errespetuz eta duintasunez artatzeak, esku hartze plan egokitua izateak, eta eskubideen babes, ezagutza eta defentsa sentitzeak.
Indargune eta zailtasunak
Lierni Altuna Peñascaleko ordezkariak aipatu du bi indargune identifikatu dituztela gaueko zerbitzuan: batetik, aukera ematen duela erabiltzaileek gainerako zerbitzuak ezagutzeko —aurten 11 erabiltzaile bideratu dituzte gaueko zerbitzutik egunekora—; eta, bestetik, boluntarioek parte hartzeak zerbitzua aberasten duela eta erabiltzaileek ere eskertzen dutela.
Eguneko zerbitzuaren inguruan, berriz, bi zailtasun topatu dituztela adierazi du: «Etxebizitza edo logela bat alokatzea izugarri zaila da; bestalde, adizkio arazoak dituzten erabiltzaile batzuekin tratua ez da erraza izan eta, horregatik, aurtengo urtera begira adkzioen tratamenduan espezializatutako elkarte eta zerbitzuekin harremana indartu nahi dugu».
Langileak eta boluntarioak
Zerbitzua martxan jartzean, aurretik lanean zeuden gaueko bi profesionalak mantendu eta langile berriak sartu dituzte. Hori horrela, guztira, zortzi profesionaleko taldea dago gaur egun: zuzendari, esku hartze teknikari eta askotariko eginkizunak dituzten zaindariak. Horiez gain, une honetan bost boluntariok ere hartzen dute parte eguneko nahiz gaueko zerbitzuetan; eta taldea handitzeko asmoa azaldu du Peñascaleko ordezkariak.
Trantsizioa egiteko orduan, Abegiren nortasuna mantentzeko elkarlana «ezinbestekoa» dela uste du Kristina Pelaezek, Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako eta Osasunaren saileko zinegotziak: «Langileak eta boluntario sarea mantendu ez ezik, lantaldea indartu da eta ekarpen berriak sustatu dira, zerbitzua bera indartzeko».
Eta, hari berari tiraka, Andu Martinez de Rituerto alkateak ere esker oneko hitzak eskaini dizkie boluntario guztiei: «Erabiltzaileekin izan duzuen harremana ikusi besterik ez dago lana goxotasun osoz egin duzuela ikusteko. Harro egoteko moduan gaude. Orain egoera bestelakoa bada ere, lan horri balioa ematen jarraituko dugu».
Hain zuzen, hitza hartu dute aitortza jasotako boluntarioek ere, eta nola hasi ziren gogoratzetik harago, horietako batek nabarmendu du «ezinbestekoa» dela «laguntzeko bokazioa» gaur egun zerbitzua profesionalek kudeatzen badute ere: «Jendearen elkartasunarekin jarri genuen hau martxan eta horrela mantendu da urte askotan zehar. Orain langileak egonda ere, ezinbestekoa da hori mantentzea».