Igerondo  kaleko obrak direla eta errepidea moztuko dute

Ataria 2025eko urtarrilaren 29a

Ur garbiak eta zikinak bereizteko lanak egiten ari dira; Santa Klara kaletik Arrameleko zubira itxiko da errepidea bihar gauean.

Pasa den astean abiatu zituen Gipuzkoako Ur Kontsortzioak Igerondo kalea eta Jon Andoni Irazusta bialaren arteko eremuan ur saneamendua hobetzeko lanak, euri urak eta fekalak bereizteko helburuarekin. 

Lanekin aurrera egiteko, errepidearen tarte batean jardun behar dute, eta horretarako guztiz eten behar da trafikoa, bi noranzkoetan. Ibilgailu gehien pasatzen diren puntuetako bat izanik, eta iparraldera joateko beste biderik ez dagoela ikusita, lanak egunez egin ordez, gaueko ordutegian egingo dituzte. Bihar gauean ariko dira lanean, eta egun bakarreko lana izango dela azaldu du Ur Kontsortzioak. 

Hala, trafikoa guztiz itxiko da 22:00etatik 05:00etara bitartean. Santa Klara kalean eta Arrameleko zubian moztuko da errepidea. Klinikara edo garajeetara joan ahal izateko tartea utziko da, Santa Klaratik barrena. Hala ere, Klinikara igotzeko, tarte horretan, eta aukera balego, Santa Lutzia aldeko errepidea lehenesteko dei egiten da. 

Ur garbiak eta zikinak bereiztea da lanen helburu nagusia. Hoditeria berria egingo dute, eta ur garbiak zuzenean Oria ibaira isuriko dira; ur zikinak, aldiz, Jon Andoni Irazusta bialeko hoditeria nagusiarekin batuko dira.  

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!