Emaitza oso onak, eguraldi txarra

Ataria 2025eko urtarrilaren 28a

Gipuzkoako Batel Ligako hirugarren jardunaldia izan zen jokoan Zarautzen larunbatean, baina eguraldia zela-eta ez ziren maila guztietan egin estropadak. Tolosaldea Arraun Klubeko batelek emaitza oso onak lortu zituzten burutu ahal izan ziren estropadetan.

Infantiletan, nesken mailan, Tolosaldea A taldeak bigarren postua lortu zuen, Mutriku A taldearen atzetik, ia 14 segundotara. Hirugarren Zarautz izan zen, TAKekoengandik ia zazpi segundotara. Tolosaldea B zazpigarren izan zen, irabazlearengandik 47 segundotara.

Infantil mailan, mutiletan, Tolosaldeak talde misto batekin parte hartzen du eta seigarren denbora onena lortu zuen, baina bosgarren egin zuen San Juan bateletik 13 ehunenekora.

Kadete mailan, nesketan, hiru batel ditu TAK klubak lehian. Tolosaldea A izan zen jardunaldiko irabazlea, bigarren izan zen Hibaika A batelari 30 segundoko tartea atereaz. Tolosaldea C bosgarren izan zen, bere klubeko kidearengandik ia 42 segundotara. Tolosaldea B batelak seigarren postua egin zuen.

Hortik aurrera, beste mailetan ez zen probarik egin. Beraz, kadete mailako mutilek ez zuten parte hartu, eta ezta jubenil mailako neskek eta mutilek. Azken bi maila horietan TAK klubak bazituen egun horretan parte hartzekoak ziren batelak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!