Gipuzkoako errekorra egin du Ander Martinez de Rituertok pertikan

Ataria 2025eko urtarrilaren 27a

Ander Martinez de Rituerto, hirugarrena ezkerretik, entrenatzailearekin eta Real Sociedad klubeko taldekideekin.

Pista estaliko absolutu mailako Euskadiko Txapelketa irabazi du tolosarrak, 5,36 metroko jauziarekin; Manex Civico eta Maria Felisa Okomo ere txapeldun izan dira

Atletismoko pista estaliko absolutu mailako Euskadiko Txapelketa izan da jokoan asteburuan, eta Ander Martinez de Rituerto Real Sociedad taldeko atleta tolosarrak Gipuzkoako errekorra egin du pertikan 5,36 metro saltatuz. Era berean, Euskadiko Txapelketa irabazi du. Beste bi tolosar ere txapeldun izan dira: Tolosa CF-ko Manex Civicok 1.500 metroetan lortu du, 3.57ko marka eginez, eta 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketarako gutxieneko denbora lortuz; eta Atletico San Sebastian klubeko Maria Felisa Okomok pisu jaurtiketan, 13,32 metroko jaurtiketarekin.

Podiumera igo ziren ere Julen Martin eta Ainhoa Gibelalde tolosarrak, biak 60 metro hesietan eta biak hirugarren postua lortuz. Hiru-Herri klubeko Julen Martinek 8,35 egin zuen, eta Atletico San Sebastian klubeko Ainhoa Gibelaldek 8,74.

Tolosa CF-tik beste hainbat atleta izan ziren Euskadiko Txapelketan. 60 metrotan Nora Ituartek 8,18 egin du eta Iraide Tejeriak 8,22; 200 metrotan Kira Pascualek 25,79 eta Ane Alonsok 26,69; 400 metrotan Mikel Irastortzak 52,57 eta Naia Telletxeak 1.01,85; eta pertika jauzian, Eñaut Olarrak 3,60 metro eta Maddi Altolagirrek 2,40 metro.

ESPAINIAKO KROS TXAPELKETA

Asteburuan ere Espainiako Kros Txapelketa izan da jokoan, Getafen (Espainia). Bertan izan dira Tolosa CF-ko atletak, eta postu nabarmenena June Sudupek lortu du, 8. eginez 23 urtez azpikoen mailan. Beste atletek ondorengo postuak lortu dituzte: 16 urtez azpiko nesken mailan, Aitana Ayerbe 90. izan da eta Maria Aramendi 93.; 16 urtez azpiko mutiletan, Xabat Urkiola 74. izan da eta Martin Arsuaga 104.; 18 urtez azpiko mutiletan, Ekhi Civico 20. postuan amaitu du; 20 urtez azpiko nesketan, Idoia Arrospide 15. izan da, eta mutiletan Unax Armendariz 28.; eta gizonezkoen senior mailan, Ander Ortizek 32. postuan amaitu du.

Izaro Perurena tolosarrak errelebo mistoan parte hartu du, Euskadiko selekziorekin, eta 13. postua lortu dute. Lau partaide izan dira talde bakoitzean.

Espainiako Kros Txapelketan parte hartu zuten Tolosa CF-ko hainbat atletek; irudian, horietan gazteenak. TOLOSA CF

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!